Getxok maila galdu ostean, Joana Murrayk Galizian aurkitu du errugbiko elitean jarraitzeko taldea

Anboto 2018ko abe. 15a, 11:30

Bigarren urtez, errugbiaren elitean jarraitzen du Joana Murray Barandikak (Durango, 1995). Iaz Getxo taldeagaz aritu zen. Talde honek maila galdu ostean, merkatua aztertu eta CRAT A Coruña taldeari bertara batzeko interesa erakutsi zion.

Galiziarrek eskaintza onartu eta bertan bizitzeko erraztasunak eskaini zizkioten, etxea jarriz eta ikasketen praktikak egiteko tokia bilatuz, eurak ere interesatuta zeudela erakutsiz. "Alde biok geuretik ipini genuen, %50", adierazi du Murrayk. Horrela, aurten ere Ohorezko Mailan eta onenen artean darrai Durango Rugby Taldean hezitako gazteak.

Abentura berrian oso gustura dabilela esan du. "Orain arte partidu denak jokatu ditut, hasi eta amaitu. Talde langilea eta fisikoki oso ondo prestatutakoa da", adierazi du.

XVeko selekzioagaz
Errugbi XVeko Espainiako selekzioak ere bere konfiantza erakutsi zion. 2015ean debutatu zuen, lagunarteko batean azken hamar minutuak jokatuta. Hiru urteren ostean, berriro deialdian sartu dute, eta joan zen astean lagunarteko beste partidu bat jokatu zuen Ingalaterran, baina, oraingoan, titular aritu zen.

2021eko munduko txapelketa dute buruan, baina Murrayk pausoz pauso joan gura du. "Ez dut horretan pentsatzen. Jokalari oso onak daude eta nire helburua partiduz partidu ikasten joatea da", azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!