“Heriotza goiztiarra izan ez balu, Bartolome Ertzilla harago iritsiko zela sumatu daiteke”

Aritz Maldonado 2018ko abe. 15a, 10:30

Iazko irailean Durangoko Tabira Bandaren zuzendari makila hartu eta norabide berri bat ematen saiatu da hasieratik Luis Orduña (Barañain, 1980) . Durangoko XXIX. Musika Hamabostaldirako, kontzertu berezia prestatu du bandagaz. Bartolome Ertzilla durangarraren ekarpena aitortzea helburu duen kontzertu bakarra0, hain zuzen ere.

Nondik dator proiektu hau sortzearen interesa?
Egile bat bizirik dago bere obra interpretatzen denean, edo ezagutzen denean edo aitortzen denean. Eta lan hau leku batzuetan hobeto egiten da beste batzuetan baino. Vienan, adibidez, Strauss anaiak laudatu egiten dituzte; urtero kontzertu bat egiten dute euren obragaz. Milioika zalek ikusten dute eta euren musika ezagutzera ematea lortu dute. Ertzillaren kasuan, ostera, musika eskolaren izena darama, kale bat du, baina jendeak Mesias Sarritan baino ez du ezagutzen.

Nor zen orduan Bartolome Ertzilla?
Hona etorri aurretik, nik ere Mesias Sarritan baino ez nuen ezagutzen, baina iruditzen zitzaidan abesti hain polita ezin zela izan bere sorkuntza bakarra. Musikologian doktoretza egiten ari naiz eta bere garaikidea den Eduardo Mokoroa konposatzaile tolosarraren ibilbidea aztertzen ari naiz. Beraz, Ertzilla aztertzeari ere ekin nion. Han eta hemen ikertzen, 61 konposizio aurkitu ditut. Ez da lan erraza, XIX. mendean guztia prekarioagoa zelako.

Bere familiak ospea zeukan: aita Durangoko alkatea izan zen, eta Bernardino anaia ere bai. Ibilbide profesional garrantzitsua izan zuen Bartolomek, Durangoko Banda sortu zuen, eta bertako zuzendaria izan zen. Horrez gainera, pianoa ere jotzen zuen, oso ondo antza, eta orfeoiko zuzendaria izatera iritsi zen; Bilbon Amistad elkarteak antolatzen zituen jardunaldi musikaletan ere parte hartzen zuen. 35 urtegaz hil zen. Hain heriotza goizitiarra izan ez balu, haratago joango zela sumatu daiteke.

Zelako garrantzia du obra honek Tabira Bandarentzat?
Gustura hartu zuten eskaintza. Bartolome Ertzillaren errepertorio hau grabatu egingo dugu, eta hori oso garrantzitsua da. Hori, bere horretan, itzela da, baina, gainera, Aurelio Martinezegaz grabatzea ikaragarria da. Eta ez hori bakarrik, Andeka Gorrotxategi eta Vanessa Goikoetxea abeslariak edukitzea sinestezina da. Hobeto edo okerrago egingo dugu, baina hau historiarako geratuko da, eta kontuan hartu behar da amateurrak garela.

Eta, orokorrean, pozik zaude Tabira Bandan daramazun urtebeteagaz?
Talde oso langilea da, eta hainbat proiektu lantzeko gogoz dagoena beti. Niri asko gustatzen zait hori.Egon naizen gainontzeko bandetan hori egiten saiatu naiz, beti zerbait berria egiten eta eskaintzen. Iaz, adibidez, gure lehenbiziko kontzertuan Mesias Sarritan jazz klabean eskaini genuen. Oso bertsio berezia izan zen, eta hor hasi zen Bartolome Ertzillaren errepertorioa lantzeko ideia.

Oraindik ezin dizut ezertxo ere aurreratu, baina beste proiektu berri batzuetan ere ari gara lanean. Musikarientzat zein publikoarentzat erronka berriak jartzea oso garrantzitsua da. Musika bandek, tradizionalki, gauza bera egin dute beti, baina hori, konpetentziarik ez zutelako izan da. Askotan errepikatu dudan gauza bat da hori. Durangoko Bandak meza ostean jotzen zuen, eta ekitaldi biak beteta egoten baziren, beste egitekorik ez zegoelako da. Egun, etxetik irten barik ere aisialdi eskaintza oparoa duzu. Adibidez, Berlingo Orkestraren sozioa izan zaitezke, etxetik irten ere egin barik. Beraz, publikoari zerbait berria eskaintzea da gakoa. Gure kasuan, ikuskizun bakarrak eskaintzen ditugu. Hau, orain ikusi ezik, ez duzu inoiz ikusiko. Ni obsesionatu egiten nau publikoaren gaiak; izan ere, guretzat oinarrizkoa da dugun publikoa mantentzea, eta ahal izanez gero, kopurua handitzea.

Gonbidatu ezazu banda inoiz ikusi ez duen lagun bat.
Durangar batek ezin du inolaz ere ikuskizun hau galdu. Ez bakarrik musika bera oso polita delako. Kuriositateagatik bada ere, etorri egin behar dira, Durangok sasoi hartan zelako doinua zuen jakiteko. Azken finean, Durangoko soinu banda zen Ertzilla garai hartan, ezagutu beharrekoa.

Durangoko XIX. mendeko soinu bandari aitortza

Domekako kontzertua zerbait bada, berezia izango da. Baina Bartolome Ertzillaren ibilbidea aitortzeko proiektuak beste atal batzuk ere baditu. Errepertorio bera jo eta su entseatzen aritu ostean, grabazioa egin du bandak, etorkizunean kaleratu eta zabaltzeko. "Kontzertua bere horretan egitea oso handia da, baina grabazioa hor geratuko den zerbait da", azaldu du Orduñak. Ertzillaren ibilbideari aitortza egiteko modua dela ere definitu du zuzendariak. "Durangar guztiek etxean eduki beharreko zerbait izango da". Horrez gainera, Tolosa eta Viena hirien eredua goraipatu gura izan du, besteak beste artistak aitortzeko egiten duten lanagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!