"Anitza, baikorra eta arrakastatsua". Durangoko Azokako antolakuntzak eta Gerediaga elkarteak oso balorazio positiboa egin dute Azokako 53. edizioari buruz. Estimazioen arabera, 115.000 bisitaritik gora jaso ditu bost egunetan. Azken urteekin alderatuta, bisitari kopuru aldetik "orekatuena" izan da, ez baita egunen artean gora-behera nabarmenik egon. "Egun guztietan egon da Azoka beteta", azaldu dute ohar batean.
Gerediaga elkarteak jasotako iritzien arabera, Azoka ona izan da argitaletxe, editore, diskoetxe, autoekoizle eta sortzaileentzat. Salmenta aldetik "berdintsua" izan da egun ezberdinen artean, eta kasu askotan euren espektatibak "gainditu" egin dira. Nabarmendu dutenez, "hainbat argitaletxetan ekoizpenak agortu dira, eta beste urte batzuetan bezalaxe, ilarak sortu dira sortzaileen sinadura jasotzeko".
Edizio honetan, Gerediaga Elkartearen enkarguz, Siadeco ikerketa elkarteak inkestak egin ditu Azokako bisitarien artean, Azokaren ekarpena zehaztasun gehiagorekin neurtzeko asmoz. Azokazaleen artean 700 inkesta baino gehiago egin dituzte, hainbat datu jasoz: batez besteko gastua, egitarauaren berri duten, zeintzuk diren euren kultur ohiturak eta abar.
Gunez gune
Saguganbaran areto handia "beteta egon da saio guztietan". Ekitaldirik jendetsuena Ene kantak taldearena izan da.Itsaso Gangoitia arduradunaren berbetan, "Gozamena izan da. Gozamena sortzailearentzat, gozamena bisitarientzat, eta gozamena guretzat".
Irudienean ere gorakada igarri dute aurten. Laugarren egunerako aurreko edizioko asistentziak gainditu zituzten, 1860 pertsona izan zituztelako, azken egunaren faltan. Johana Olabarria arduradunaren iritziz, "harrotasunez esan dezakegu Irudieneak bere txokoa duela Azokan, euskarazko zinemak gero eta ikusle gehiago dituela eta hau urrats bat besterik ez dela".
Kabi@n ere aurtengo edizioaren balorazio positiboa egin dute. Wikipediaren ezagutza libreak eta Gamerauntsiaren euskarazko bideojokoek aretoa bete dute. Horrez gain, hainbat sare sozial eta proiektu aurkeztu dituzte, Mastodon kasu. Gorka Julio arduradunak azaldu duen bezala, "teknologia-proiektuen bizitasuna argi gelditu da".
Ahotsenean, sortzaile ezagunen kasuan, karpa eta solasaldien gunea "leporaino beteta" egon da, antolatzaileen esanetan. Unai Pelayo arduradunak azaldu duenez, "sortzaileak pozik daude, askok esker oneko hitzak bota dizkigute egunotan, eta guk geroz eta argiago ikusten dugu zeinen garrantzitsua den honelako plaza bat eskaintzea azokak irauten duen egunetan".
Szenatokian 1000 ikusle baino gehiago izan dituzte egun hauetan. Arantza Arrazola arduradunarentzat, "aurten esan dezakegu espazioa finkatuta dagoela eta ezaguna dela arte eszenikoetako gune modura. Giro ederra izan dugu, emanaldi ikusgarriak izan ditugu, publikoaren txalo pilo bat jaso dituzte".
Azkenik, Plateruenan ere oso balorazio positiboa egin dute. Ihintza Orbegozoren esanetan, "giro aparta izan dugu gauero eta bai musikariak eta baita publikoa ere oso gustora egon dira". Estilo ezberdinetako kontzertuak eskaini dituzte, eta perfil ezberdinetako jendea erakarri dute. Anestesiako kontzerturako sarrerak hiru egun lehenago agortu ziren, eta Huntza eta Esne Beltzako kontzertuetan 500 lagun baino gehiago egon zen bakoitzean.
Arratsaldean egindako itxiera ekitaldian 2019ko aldia abenduaren 5etik 8ra izango dela iragarri dute.