Bizipoza Elkarteak boluntarioak lortzeko kanpaina abiatu du Durangoko Azokan

Anboto 2018ko abe. 8a, 18:00

Atzo egindako ekitaldian aurpegi ezagunek parte hartu dute: Ramon Agirre, Miren Gojenola eta Anabel Arraiza aktoreek, Abel Barriola pilotari ohiak eta Arritxu Iribar kazetariak, besteak beste.

Bizipoza Elkarteko kideek izaera bereziko haur eta familiekin egiten dute lan. 33 elkarte batzen ditu, helburu batekin: euskaraz eta sorkuntzatik, izaera bereziko haur eta
familiekin elkartasuna bizipozez lantzea. Lan hori egin ahal izateko, boluntario-sarea antolatzen dihardute, dela lan boluntarioa eginez dela ekarpen ekonomikoa eskainiz. "Erakunde, talde zein norbanakoek elkartasunaren eta gizartegintzaren aldeko Bizipoza Elkartearen sarean parte hartu dezaten dei egin nahi dugu", azaldu dute ohar batean.

Atzo goizean gabon-postalak sortzeko tailerra egin zuten Ibaizabal ikastolan. Bizipoza Elkartea osatzen duten elkarteetako 40 haurrek egindako marrazkiekin sortu zituzten paperezko gabon-postal horiek.

Arratsaldean, boluntarioak lortzeko kanpaina aurkeztu zuten Durangoko Azokako Saguganbaran. Durangoko Azokan bertan Bizipoza Elkarteak duen standean egin daiteke boluntario.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!