“Kaka Dantzariaren pertsonaia txikitan sortu nuen eta orain berreskuratu dut”

Maialen Zuazubiskar 2018ko abe. 7a, 08:30

Komunikazio eta publizitate agentzia batean lanean dabil Bego Goitia durangarra eta bere lehenengo liburua kaleratu berri du Durangoko Azokara begira. Txikia zenean sortu zuen pertsonaia berreskuratu du bere lanerako.

'Kaka Dantzaria' zure lehenengo lana kaleratu berri duzu. Zertan datza?
Azpitutuluak dioen bezala, dantzaria izan gura zuen kaka zati baten istorioa da. Kaka zati horren ametsa dantzaria izatea eta antzoki handi batean dantza egitea da. Baina liburuan zehar ikusiko dugu ez diotela dantzaria izaten uzten, eta ikusi beharko dugu ea bere ametsa egia bihurtzen duen.

Oinarrian liburu guztiek izaten dituzte mezuak. Zureak ere izango du mezuren bat.
Bai, hainbat mezu ditu, eta oso politak gainera. Hazkuntza pertsonalagaz eta autoestimuagaz zerikusia dutenak. Gainera, hasiera batean "baliorik ez duen horri", kaka zati bati, balioa ematen zaiola ikusi daiteke. Horrez gain, txikitan jartzen dizkiguten etiketek gero nagusitan baldintzatu egiten gaituztela ere ikusi daiteke liburuan.

Liburua oso dibertigarria eta xelebrea da. Hala ere, hainbat ñabardura dituela esango nuke eta irakurketa bakoitzean zenbait mezu aurkitu daitezkeela.

Lan hau egiterako orduan, ez zaizu imajinaziorik falta izan.
Beti izan naiz imajinazio handikoa. Txikitan oso fantasiatsua nintzen. Berez, Kaka Dantzariaren pertsonaia txikia nintzenean asmatu nuen eta orain berreskuratu dut. Autoan gindoazela, amak istorioak asmatzera animatzen ninduen, ez zorabiatzeko eta bidaia lasaiagoa izateko. Kaka Dantzaria bospasei urtegaz sortu nuen. Istorioa gogoan ez dudan arren, pertsonaia bera da. Orain apur bat moldatu egin dut ipuinera ekartzeko.

Zerk bultzatu zaitu txikitan sortu zenuen pertsonaia hori ipuin batera eramatera?
Egia esan, denbora askoan izan dut ideia buruan. Gogoa izan dut aspalditxoan egiteko, baina egunerokotasunak ez zidan egiten uzten, eta, azkenean, udan proiektuagaz hastea erabaki nuen, oporretan nengoela. Momentua heldu zenean, horri heldu nion eta egin egin dut. Ez nau ezerk bultzatu bereziki.

Zure lehenengo lana izan da. Gustura gelditu zara egindakoagaz?
Esperientzia oso polita izan da eta oso pozik nago emaitzagaz. Ni ez naiz ilustratzailea eta marrazkilari moduan izan dudan lehenengo esperientzia izan da. Oso gustura aritu naiz marrazkiak egiten. Ikaragarri ondo pasatu dut.

Autoekoizpenaren aldeko apustua egin duzu. Zergatik?
Modu natural batean irten zitzaidan, gai ikusten nuen neure burua autoekoizpen moduan egiteko eta apustua egitea erabaki nuen. Tresnak nituen, baita hornitzaileen kontaktuak ere. Beraz, gauza asko nituen neure eskura. Gainera, lana hasieratik amaierara kontrolatu ahal izateak lan hori askoz pertsonalagoa egiten duela uste dut.

Durangoko Azoka gainean dago. Orain arte kanpotik ikusi duzun hori barrutik ezagutzeko aukera izango duzu aurten. Bertigorik ematen du?
Egia esan, ilusio handia dut Durangoko Azokarako, gehien bat ikusteko Kaka Dantzariak nolako harrera daukan jendearen artean. Nire ingurukoek oso ondo hartu dute liburua, baina ezezagunek ea nola hartzen duten jakin gura dut. Hala ere, Durangoko Azokak bertigo apur bat ematen du, bai.

Azokan ikusiko zaitugu?
Bai, gaur arratsaldean 17:00etatik aurrera Azokan egongo naiz eta baita domeka goizean ere. Norbaitek nigaz egon gura badu, Kaka Dantzariaren jertse bat jantzita aurkituko nau.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!