'Inondik inora', arauen eta desobedientziaren arteko sokan balantzan

Anboto 2018ko abe. 9a, 10:00

Gurasoek zuzen jokatzen duten seme-alabak gura dituzte, esanekoak eta zintzoak direnak. Baina, aldi berean, burujabe gura dituzte, ezarritako eredua ukitu lotsagabe bategaz ezbaian jarriko dutenak. Lotuta baina aske, aske baina lotuta. Dikotomia hori azaleratzen du Inondik inora antzezlanak, postari batzuen begietatik. Familia guztiari bideratutako proposamena gaur eskainiko dute, San Agustin kultur gunean, 18:00etan.

Patricia Urrutia (Bilbo, 1977) antzezlaneko zuzendari eta aktoreak postarien eguneroko lanean aurkitu du antzezlana kokatzeko marko aproposa. "Mundu ordenatu eta arautu baten oso adibide ona da. Gure planteamendurako, horrelako mundu bat behar genuen, gero apurtzeko, hankaz gora jartzeko", azaldu du. Egun batean kaxa berezi bat helduko da postetxera, elementu kurioso bat gordetzen duena, eta postariak bidegurutze batean jarriko ditu: arauak jarraitu ala senari men egin. Egoerak "umorez eta erotasun puntu batez" erakusten dira.

Silverstein-en poematik
Shel Silverstein-en poema bilduma batean du sorburua antzezlanak. Urrutiak Kolonbian bizi zela ezagutu zuen Silverstein-en poesia, orain 15 bat urte. "Haurrek bizi dituzten egoeren gainean idatzi zuen, baina ez modu hezitzaile batean. Berekoikeria, jeloskortasuna edo bestelako sentimenduak hartu eta umorez aurkezten ditu", adierazi du. Poema batean egin ezin dituenak gogoratzen dizkio umeari (Listen to the mustn'ts, child / Listen to the dont's…), baina mezua erabat aldatzen du azken esaldian: Anything can happen, child / Anything can be. (Edozer gertatu daiteke, ume / Dena da posible)Kontraesan horregaz jolasten dira antzezlanean, eta Silverstein-en antzera, ikusentzuleei uzten diete nork bere ondorioak ateratzen. "Nire ustez, garrantzitsua zen irakaspenik ez uztea. Egoera bat umorearen bidez azaldu eta gero norberak atera ditzala ondorioak", dio Urrutiak.

Inondik Inora antzezlana Zubi proiektuaren irabazleetako bat izan da aurten eta laguntza horri esker gorpuztu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!