"Gure herria asko aldatu da eta artea horren isla zuzena da"

Aritz Maldonado 2018ko abe. 10a, 09:04

Arteen historiako irakaslea da EHUn Mikel Onandia (Durango, 1983). Bilboko Arte Ederren Museoko '68aren Ostean' erakusketako katalogoa egiten parte hartu du, kronologia osatuz. Azken bost hamarkadetako artea eta praktika artistikoak aztertu ditu erakusketak ikuspegi dokumentalista batetik.

Garai hori, garrantzitsua izan zen Euskal Artean?
Euskal arteari buruz, XX.mendetik aurrera hitz egin daiteke, aurretik kontzeptu hori ez zelako existitzen. Artea egiten zen, baina ez zegoen Euskal Artea bezalako kontzepturik. 50 urte hauetan asko aldatu dira gauzak; gure herria asko aldatu da, eta artea horren isla zuzena da.

Ekarpen handia egin dizu lanak, profesional moduan?
Ikuspuntu akademikotik gehiago landu ditut XX. mende hasierako arte modernoa eta garaikidea, baina bai landu ditut hauek ere komunikabideentzat kritikak eginez, adibidez. Ez da nire espezializazioa baina ezagutzen ditut. Katalogoa egitea master txiki bat egitea bezala izan da. Urtebetez lan honetan murgilduta egon naiz; liburutegian sartuta. Jakindako batzuk baieztatu dizkit, eta gauza berri piloa irakatsi.

Zugazaren ekarpena igarri da?
Bere etorrera onerako izango dela uste dut. Oraindik goiz da, baina igarriko da. Doktorego tesia Arte Ederreko Museoari buruz egin nuen, eta sortu zenetik, beti jarri izan du arreta euskal arte lokalean, ez bakarrik horretan, baina bai. Eta horrek tentsioa eragin du. Batzuen ustez, arte ederren museo moduan, artista kontsagratuentzako soilik behar luke; garaikidearen alde egin dute beste batzuek. Urte hauetan tentsio hori mantendu da. Azken urteetan ez bezala, Zugazak berriro jarriko du arreta produkzio garaikide lokalean, erakusketa honetan egin bezala, eta hori eskertzekoa da.

Museo batek ze helburu izen behar duen galdetu behar diogu gure buruari. Museoak gorde, erakutsi eta dibulgatu egin behar du; egin dena gorde, baina arreta jarri behar du momentuan egiten ari denean ere. Bilduma bat egiterakoan, momentukoaren errepresentazio bat egin behar du museoak. Zentzu horretan, bilduma itzela du  Bilboko Museoak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!