Etzi Portu Maritimoa taldeak irabazi du Durangoko Azokaren lehenengo Sormen Beka

Aritz Maldonado 2018ko abe. 6a, 11:38

ATOPIArpg izeneko rol jokoaren liburua da proiektu garailea. Euskaraz sortu eta argitaratuko den lehen rol jokoaren liburua ahalbidetuko du bekak.

Etzi Portu Maritimoa taldea Xabier Landabideak, Galder Gonzalezek, Beñat Irasuegik, Oihana Calparsorok, Yeray Gasconek, Unai Gorrotxategik, Gorka Salcesek eta Eneko Olazabalek osatzen dute. Proiekturako sorturiko taldea da, eta “irekia” dela nabarmendu dute. “Jendea behar dugu guztia idazteko, horrek aberastuko du, eta azken finean, prozesua bera jolas bilakatuko du” azaldu dute aurkezpenean.

Epaimahaikideek proiektuaren originaltasuna nabarmendu dute. “Rol joko bat euskaraz, literatura fantastikoaren eta jolas kolektiboaren gurutze-bidean, sortzaile dinamiko batek ekartzen duena”. 2019ko Durangoko Azokan aurkeztuko da ATOPIArpg proiektua, eta "rol partida erraldoi bat” abiaraziko da proiektua bera sustatzeko.

Bestalde, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko presidentea pozik agertu da Sormen Bekak eduki duen harrera onagaz. Guztira, 28 proiektu aurkeztu dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!