Ahozkotasuna indartu guran, ipuin maratoia egingo dute Saguganbaran

Anboto 2018ko abe. 4a, 09:00

Kulturaren transmisioan berezko garrantzia du ahozkotasunak. Kulturarekiko edo literaturarekiko interesa irakurriz bakarrik ez, ahoz ere transmititzen da. Bada, hori indartzeko eta nabarmentzeko, ipuin maratoia antolatu dute, lehenengoz, Saguganbaran. Abenduaren 9an, bost ipuin kontalari egongo dira: Lur Korta, Dorleta Kortazar, Maite Franco, Mireia Delgado eta Aitor Martinez Vinagret.

Euskal Herriko herrietan ipuinak kontatzen dabiltzan bost lagun horien ahotan, ipuinek bizia hartuko dute. "Ipuin kontalariek ez dute libururik argitaratzen askotan, ez dute lekurik izan gurean orain arte. Hala ere, haur literaturari ekarpen bat egiten diotela ulertuta, eurek ere leku bat izatea gura izan dugu", dio Itsaso Gangoitiak, Saguganbarako arduradunak.

Poesia hizpide
Poropopoesia tailerragaz zabalduko ditu ateak Saguganbarak abenduaren 5ean, Ikasleen Egunean. Saroa Bikandik eta Peru Magdalenak gidatuta, askotariko autoreak eta poesiak ezagutuko dituzte 10-12 urte arteko gaztetxoek. Legutiotik eta Karrantzatik talde bi etorriko dira, eta, jolasa erabilita, poesia idatzi eta landuko dute. Haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatu, eta poesiarekiko plazerra ezagutzea eta bizitzea da helburua.

Adin tarte horretako gazteengana heltzea zaila izaten da eta Ikasle Eguna horretarako aproposa dela uste du Gangoitiak. "Literaturaren eta musikaren bidez, zaila egiten zaigu 10-13 adin tarte horretara heltzea. Saguganbara oso umeentzat ikusten dute, eta beste guneetan ere zaila egiten zaie eurentzako moduko zerbait topatzea", gaineratu du. "Gazte horiengana nola heldu, horixe da gune guztion eta Gerediagaren kezka. Ikasle Egunak aukera ematen digu gazteak Azokara etor daitezen", amaitu du.  

Sormena eta irakurzaletasuna sustatzeko bestelako tailerrak ere antolatu dituzte: Bertso jasa bat-bateko jolasa, Liburu bat munduan eta Liburu Baby Kluba edo esperimentatzeko Kimika laborategia. Bestalde, Bizipoza elkartearen eskutik Keinu bakoitza opari bikoitza gabon postal sormen tailerra ere egongo da. Irria (Irrien Lagunak) antzezlana eta Loa (Karrika) ipuin antzeztuak osatuko dute eskaintza, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!