“Protagonista ez da hain umea oraingoan, eta bere autonomia gozatzen hasten da”

Anboto 2018ko abe. 5a, 11:00

Gurasoak egun batzuetarako Bartzelonara joan, eta aitita-amamen etxean geratuko da Gari. Itsasadar baten inguruan hainbat abentura bizi eta hainbat ikasgai aterako ditu. Liburua Elkar argitaletxearen Xaguxar gaztetxoentzako bildumaren barruan argitaratu dute.

Urte bitan haur literaturako bost liburu kaleratu dituzu. Gustua hartu diozu genero horri?
Aspalditik eduki ditut istorio horiek buruan. Kontu batzuek bat egin dutenean idazten eta liburuak sortzen hasi naiz. Gustura nabil.

Zer kontatzen du 'Itsasadarreko kontuak' liburuak?
Gariren gurasoak Bartzelonara doaz eta bera aitita-amamekin geratuko da. Aurreko libururik gehienetan istorio bat zen ardatza. Oraingoan hainbat istorio daude, kateatuta. Abentura txiki bakoitzean hausnarketarako tarte bat dago. Bakoitzean zerbait gertatzen da, umeei hausnarketarako bidea ematen diena.

Abentura txiki horiek itsasadar baten inguruan kokatuta daude?
Bai, hantxe bizi dira-eta aitita eta amama. Bilbokoa naiz eta inguru hura izan dut buruan: Deustu, Zorrozaurre inguru horretan.
Aipatu izan duzu haur literaturan ez dela berdina zazpi urteko batentzat edo hamarreko batentzat idaztea. 'Kartoizko kaja' liburuan

Anartz protagonistak zazpi urte zituen. Zenbat ditu oraingoak, Garik?
Oraingo honetan protagonista nagusiagoa da eta istorioak bestelako parte hartze bat eskatzen dio. Ez da hain umea. Autonomia propioa gozatzen hasten da, lagunekin. Bere mundu horretan murgildu, eta deskubritzen dituen gauzek eragina dute bere pentsakeran eta sentimenduetan.

Maitasunaren lehenengo zirrarak ere bizi ditu 'Musua' izeneko atalean.
Protagonistaren lagun-mina neska bat da, independentea, beldurrik bakoa eta indartsua. Berak hartzen du iniziatiba eta ez da esperoan geratzen. Musu bat eman gura dio eta eman egiten dio. Lapatza ipuinean agertzen den neska ere, Garazi,  antzeko neska da. Ahaldundutako neskak direla esango genuke orain.

'Lapatza' liburuan gertatu zen moduan, Jokin Mitxelenak egin ditu marrazkiak.
Jokin Mitxelena nire marrazkilaririk gogokoena da. Elkar-ek proposatu zidan Lapatza-rako eta neure kabuz lotu dut oraingo honetarako.

Kaleratu aurretik, seme-alabei irakurri izan dizkiezu liburuak euren iritzia jasotzeko. Oraingoan ere bai?
Seme txikiari, Anartzi, irakurri nion. 10 urte ditu eta barre egin zuen. Umeek eskertu egiten dute normaletik irteten den hori. Esaterako, liburuko une batean protagonistek akuario bat muntatzen dute fundizio baten gainean. Horrelako bitxikerietatik abiatuta, umeek euren mundu propioak eraikitzen dituzte. Imajinazioa dantzan jartzen dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!