Zelakoa da Haur Besoetakoaren itzulera?
Komikietan, zein orokorrean, erreferentziak sartzea gustatzen zait. HBren lehenbiziko komikia Casablancako [Michael Curtiz, 1942]bukaera ezagunagaz amaitu zen. Beraz, itzulera Parisen hasten da, HBren nolabaiteko erbestean. Oparotasunean bizitzera ohitua zegoen, baina ezer barik bueltatu da. Boterea berreskuratzeko egiten duen bidea kontatzen dugu ale honetan.
Umore edo parodia klabean hau ere, noski.
Aurrekoa lotuago zegoen mafia estiloagaz, zentzu horretan. Haur Besoetakoa berba joko bat da, The Godfather [Francis Ford Coppola, 1972] euskaraz aitabitxia litzateke, eta hau, horregaz lotuta dago. Lehenbiziko alea zazpi urteko prozesu bat izan zen, eta oraingoan hiru urte behar izan ditugu. Nik momentuko erreferentziak hartzen ditut idazterakoan, eta, beraz, honek ere badu eragina. Ale honek hari modu bat du, istorioa lotzen duena. Hau ez da hainbeste mafia generoko istorio bat, eta gizarte gaiak gehiago ukitzen ditu, zeharka bada ere: etorkinen gaia dago, hauteskundeak... ez dute irakurketa baldintzatzen, baina momentuko erreferentzia ugari daude.
12-18 urteko gazteentzako komikia da berez, baina helduentzat ere bada. Erronka polita izan behar du hori idazteak.
Xabiroik DBHn banatzen du aldizkaria. Beraz, Dani Fano arduradunak adin tartea kontuan hartzeko eskatu zigun. Oinarrizko istorio bat dago, 12-13ko batek irakurri dezakeena, eta gero, ezagutzaren araberako geruzak daudela esan daiteke. Ezer esatekotan, helduentzako istorio bat dela esango nuke. Marrazki motagatik, esan digute inoiz Durangoko Azokan ea umeentzako istorioa den, baina ez da horrela. Ariketa polita da egiteko, zineman familia osoarentzako pelikuletan egiten den bezala. Adin guztietarako balio behar duen istorio bat daukazu, eta horri elementuak gehitzen dizkiozu, umeek ez, baina gurasoek ulertuko dituztenak. Kasu honetan, berdina da. Hainbat erreferentzia daude, zineari, aktualitateari eta nire munduari, azken finean. Euskal munduko pertsonaia, aktore eta idazleen kameo asko daude. Irakurle helduarentzat aberasgarriak dira. Polita da, baina neurria hartu behar zaio. Inoiz ez da ahaztu behar non publikatu behar den. Gehituko nuke, nerabe irakurzale bat heldu baten moduan tratatu behar dela.
Loraldi bat ematen ari da komikigintzan?
Kontuan hartu behar da urritasun erabatekotik gatozela, baina baietz esan dezakegu. Eta horren arduradunetako bat Xabiroin arduraduna den Dani Fano da. Ni natorren bertso mundua askoz koordinatuagoa da, eta elkarrekintza gehiago dago; komikigintza bakartiagoa izan da beti, eta Xabiroiren bueltan dagoen jendeak beste plano batera eraman du mundu hau. Hainbat gurutzaketa eragin ditu, eta normalean komikiari begiratzen ez dion munduaren arreta erakarri dute lotura horiek. Lehen apenas existitzen zen gidoilariaren figura komikigintzan, eta orain Eider Rodriguez eta Harkaitz Cano batu dira marrazkilariekin, besteak beste. Horri gehitu helduentzako nobela grafikoan egon den eztanda txikia. Niri betidanik gustatu zait komikia, baina Danik deituko ez banindu, ez dakit non egongo nintzen.