“Denok maite ditugun sudur gorrien bitartez, tradizioaren transmisioa egin gura izan dut ”

Maialen Zuazubiskar 2018ko abe. 4a, 09:00

Durangon bizi den Leire Bilbao ondarroarrak 'Musua' disko-liburua kaleratu berri du Durangoko Azokarako, Pirritx, Porrotx eta Marimototsegaz batera. Bilbaok eta pailazoek Saguganbaran aurkeztuko dute euren lana, abenduaren 5ean.

'Musua' disko-liburua kaleratu berri duzue. Zertan datza?
Musua disko-liburua naturan eta kulturan oinarrituta dagoen liburua da. Gainera, egutegiagaz eta urtaroekin zerikusi handia du. Esan daiteke disko-liburu honek egutegiari buelta ematen diola eta urte guztiko sasoi eta urtaroen gainean kantatzen dela. Baina garrantzitsuena da tradizioari lotu direla abestiak. Hau da, hilabete bakoitzean garrantzitsua den egun bati abesten zaio. Esaterako,otsailean, Santa Agedari; ondoren, inauteriei; gero, San Juanei, udaberriari, Arimen Gauari; eta urtea amaitzeko, Olentzerori eta Mari Domingiri. Zentzu horretan, diskoa oso borobila dela esango nuke, urtaroei eta urteari errepaso bat egiten die eta.
Horrez gain, kanta batek duen mezua oso garrantzitsua da; berriak sortzen dira, eta zaharrak mantendu. Hau da, euskal tradizioko hainbat egun garrantzitsu hartu eta horiek kantatzea beharrezkoa da gure tradizioari eusteko, horiei eutsi eta berriak sortzeko. Pailazoek kantu berriak sortu dituzte, gure tradizioari eusteko beharrezkoak direlako; hori guztia beti pozez betetako tonu alai batean. Suz beteriko musu handi bat eman gura diote euskal kulturari Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek.

Pirritxen, Porrotxen eta Marimototsen abestiei letrak sortu dizkiezu. Nolako esperientzia izan da?
Esperientzia ederra izan da. Euren gonbidapena pozik hartu nuen. Gonbidapena jaso nuenean oso argi nuen Euskal Herriko hainbat eta hainbat umek euren abestiak kantatzen eta ikasten dituztela. Pailazoek gure hizkuntzaren transmisioa ahalbideratzen dutenez, eta horretan eragile handiak direnez, niretzat oso garrantzitsua izan da tradizioa sartzea disko-liburu honetan. Denok maite ditugun sudur gorrien bitartez, tradizioaren transmisioa egin gura izan dut, eta Euskal Herriko umeak kantuan eta dantzan jarri.

Lehen aldia da pailazoekin lan egiten duzula?
Bai, lehenengo aldia izan da eta badirudi ez dela azkena izango. Eurekin lan egitea polita izan da, Pirritxek, Porrotxek eta Marimototsek alaitasuna, poza eta jolasa darabiltelako beti, gure hizkuntza eta gure kultura ahaztu barik. Gainera, plazerra da estimatzen eta miresten duzun jendeagaz lan egitea.

53. Durangoko Azoka gainean daukagu.Leire Bilbaorentzat nolakoa izango dela aurreikusten duzu?
Durangon bizi naiz, eta, beraz, egunero ibiliko naiz Azoka ingurutik. Hala ere,  egunero-egunero Azokatik ibiliz gero, azkenengo egunean gorputzak deskantsu bat behar izaten du. Azoka beti da gauza ederra eta, batez ere, kulturgileen bilgune bat. Plazer handia izaten da urte luzean zehar ikusi ez dituzun lagunekin bat egitea. Pozik ibiltzen gara Azokan zehar. Guretzat Azoka garrantzitsua da. Hor egotea eta urte guztian zehar zenbat lan egiten diren ikustea oso garrantzitsua da. Literaturaren festa bat da. Beraz, ospatu dezagun.

Sortzaile askok Azoka bueltarako ateratzen dituzte euren lanak. Garrantzitsua izaten da lanak Azokarako argitaratzea?
Kontua da liburu bat argitaratzen denean, liburu horrek denbora laburra izaten duela erakusleihoetan, egunkarietan, komunikabidetan eta abar. Liburua udaberrian kaleratzen baduzu, esaterako, Azoka heltzen denerako hurrengo urtean gaudela ematen du. Nire kasuan, Leiho bat eta leiho bi liburua udaberrian kaleratu nuen, eta sentsazio hori izan nuen. Azoka erakusleiho garrantzitsua da eta ederra da beti han egotea. Gainera, nobedadeez aparte aurreko urteetako lanak ere aurkitu ditzakegu. Nire ustez, ez ginateke nobedadeetan bakarrrik zentratu behar.

Abenduaren 5ean, pailazoekin batera 'Musua' aurkezten aurkituko zaitugu Saguganbaran.
Saguganbara tamainako aretoa da, ez handiegia ez txikiegia. Han egoten gara denok elkarren beroan. Umeak ondoan izaten ditugu eta ederra izaten da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!