“Oso harrera beroa eduki dugu; jendea motibazio handiagaz dabil abesti guztiak abesten, eta oso hunkituta gaude, oso eskertuta”

Aritz Maldonado 2018ko abe. 1a, 10:15

Euskarazko metalean mugarria den lana da 'Gorrotoaren Ahotsa'. Kaleratu eta hogeita bost urtetara, diskoa berrargitaratu du Anestesia taldeak, biniloan. Horrez gainera, sei kontzertuko bira egiten ari da talde zarauztarra. Zale fidelak ditu laukoteak, eta oraingo honetan ere, horrela izaten ari da: igaro diren aretoetan agortu egin dira sarrera guztiak.

Taldekideak "hunkituta" daude jasotako erantzunagaz, eta taula gainean hustuz (hiru hamarkadatan zehar egin duten bezala) erakusten ari dira euren esker ona. Hain justu ere, 30 urte bete dira Anestesia taldea sortu zela, eta urtemuga hori ere ospatzen ari dira zuzenekoen bitartez. Hala ere, "atzera begirako gauza puntuala" dela argitu gura izan du Mikel Kazalisek. Plateruenekoaz gainera, bira berezi hau ikusteko aukera bakar bat gehiago egongo da: urtarrilaren 19an, Biarritzeko Atabalen. Bietan ere, sarreren salmenta abiada bizian doa, eta, beraz, 'Gorrotoaren Ahotsa' zuzenean gozatzea gura duenak bizkor ibili beharko du. Ibon abeslariagaz, Dani baxu-jotzaileagaz eta Beloki bateria-jotzaileagaz batera osatzen du Kazalisek Anestesia.

'Gorrotoaren Ahotsa. 1993-2018, 25 Urte' bira amaitzen ari zarete. Pozik izandako harreragaz?
Egundokoa izaten ari da. Egia esan, bagenekien edo sumatzen genuen zerbait berezia izango zela, alde batetik kontzertu gutxi izango zirelako, eta bestetik errepertorio zaharra baina berezia genuelako. Hala ere, espero genuena baino handiagoa izaten ari da jendearen erantzuna. Orain arteko kontzertuetan areto guztiak bete ditugu [Bilboko Kafe Antzokia, Gasteizko gaztetxea, Donostiako Doka...; Iruñeko Errotxapea auzoko gaztetxean kontzertua eskaintzekoak ziren, baina bertan behera geratu zen azken unean]. Horrez gainera, jendea motibazio handiagaz dabil abesti guztiak abesten. Oso harrera beroa izan dugu, eta, egia esateko, hunkituta gaude, eta oso eskertuta.

Eroso zabiltzate taula gainean material hain zaharra jotzen?
Hasieran zalantzak genituen, izan ere, ez gara atzera begiratzearen batere zaleak. Kasu honetan, ideia bururatu zitzaigunean, lehenbiziko gauza kantuekin ea gustura sentitzen ginen frogatzea izan behar zela pentsatu genuen. Gertatu ohi da, urteak pasatu ahala abesti batzuk atzean geratzea, eta hori frogatu gura genuen. Guri ere gertatu izan zaigu, maketako abestiekin eta lokalean probatu izan ditugunean. Bazeuden abesti batzuk lehenbiziko disko horretatik espreski berreskuratu behar genituenak, eta gure zalantzak genituen horiek jotzean eroso egongo ote ginen ala ez. Argi genuen eroso egon ezik aukeraketa moduko bat egingo genuela. Beraz, hasieran disko osoa goitik behera jotzea planteatu genuen. Lokalean sartu eta diskoa osorik jo genuenean probatzeko, harrituta geratu ginen zein gustura jo genuen, eta hor bertan erabaki genuen diskoa oso-osorik jotzea. Eta horrela izaten ari da. [Kontzertuaren lehenbiziko zatian Gorrotoaren Ahotsa jotzen dute, eta bigarren zatian Anestesiaren ibilbideko beste hainbat abesti esanguratsu].

Itzuli zinetenetik, hainbat bider pasatu zarete Plateruenetik. Berezia al da zuentzat areto hau?
Bai. Egia esan, oso kontzertu indartsuak eskaini ditugu bertan. Ez dakit, gainera, ikusle errekorra ez ote den gurea. Izan ere, denboraldi luze batean jo barik egon ostean, Bizkaian eman genuen lehenbiziko kontzertua bertan eskaini genuela gogoratzen naiz, eta 1.000 pertsona inguru egon zirela. Normalean ez dugu hainbeste jende eramaten kontzertuetara, eta harrigarria izan zen. Leku berezia eta maitatua da guretzat.

Bira honetako lehenbiziko kontzertuetan ibilbide laburragoko taldeekin aritu zarete oholtza gainean. Badago errelebo aldaketarik euskal metalean?
Hain zuzen ere, horregatik eraman ditugu talde horiek gugaz azkenaldian. Nahiz eta gutxi izan, badago belaunaldi berri bat, ez gainera heavy metal klasikoa jorratzen duena, baizik eta muturreko metala egiten duena, pixka bat gure antza izan dezaketena, eta euskaraz abesten dutenak, gainera. Hori ez da ohikoena, eta horregatik eramaten ditugu gustu handiz gure kontzertuetara. Iruditzen zaigu publiko zabalago batek ere ezagutu behar dituela Hilotz, Mitosia eta Ankhar taldeak, besteak beste. Dama, adibidez, Bilboko Kafe Antzokira eraman genuen, eta itzela da aldea. Beharbada ez dira ezagunegiak izango, eta guretzat plazer ikaragarria da horrelako taldeak publiko zabalago batengana eramatea.

30 urteko ibilbidean, 25 urteko bira hau berezia da. Erabakita duzue zein izango den hurrengo pausoa?
Egia esan, ez. Printzipioz, bira hau amaitzerakoan, pixkanaka abesti berriak idazten hasiko gara. Normalean ez zaigu gustatzen inertziagatik jarraitzea, ez dugu gustuko publikoari ezer berririk eskaini barik jarraitzea. Aurtengo bira hau kontu berezi bat izan da. Atzera begirako gauza puntual hau egin gura genuen, eta horregatik egin ditugu kontzertu gutxi batzuk. Ez genuen gura urtebete pasatzea kantu zahar horiek jotzen. Ez dakit jendeak gurako lukeen, baina guk ez. Guretzat ospakizun berezi bat izan behar zen. Hemendik aurrera, esku artean zerbait berria badaukagu eta eskaintzeko modukoa bada, orduan jotzen jarraituko dugu. Printzipioz, hori litzateke planteamendua, baina ez dugu ezer planifikatu oraindik. Oraingoz ez dakigu nolakoa izango den gu

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!