Euskara batua ezartzeko batzarretako batzuk Durangaldean egin ziren. Bata Ermuan, eta bestea Astolan, Durangoko Azokaren testuinguruan. Zergatik aukeratu zen Astola?
Jose Luis Lizundia: Gipuzkoa salbuespen egoeran zegoen, eta batzarrak egitea zaila zen. Arantzazukoa egiten utzi zuen gobernadoreak, Euskaltzaindia zelako eta Antonio Arrueren bitartez eskatu zelako. Baina, bestela, zail zegoen. Arantzazukoaren ostean, aldarrikapena Oñatin egin behar zen. Baina Gipuzkoako egoeraz aparte, herriko jaietan boikota egin zuten, eta nahastuta zegoen giroa. Hargatik, Durangoko Azokagaz batera egitea erabaki zen, Astolan.
Euskaltzain lez joan zen Lizundia. Baina idazleak eta kazetariak ere gonbidatu zintuzteten, ezta Aroma?
Juan Antonio Aroma: Bai. Nik Durangaldeko kronikak egiten nituen, Anaitasuna eta Zeruko Argia aldizkarietan. Azken honetan, Hamabi harrietatik deitzen zen eskualdeko atala, bertako notiziekin. Adibidez, Jose Antonio Azkorbebeitiak Abadiñoko notiziak lantzen zituen, Saibiko artzaia ezizenagaz sinatuta. 1975ean, sanantonioei eskainitako alean, Batua bai, batua ez izeneko artikulu bat zetorren. Guretzat Jose Angel deitzen zen Joseba Sarrionandiaren lehen artikulua ere argitaratu zen bertan. Euskaraz idazten nenbilenez, Ermuko batzarrera gonbidatu ninduen Angel Zelaietak, Anaitasunan idazten zuen mallabitarrak.
Eztabaida sortu al zen euskara batuaren inguruan?
J.L.L.: Aurkako indar bi zeuden. Bata elizgizon integristena zen, eta bestea EAJko sektore bat. Orduan, euskara batua ezkerragaz eta marxismoagaz lotzen zuten. Mitxelena bera ere EAJkoa zen, baina indarrak enkistatuta zeuden. Diktadura garaia zen, eta gauzak ezin ziren publikoki egin askotan. Kontuan eduki behar da momentuko testuinguru politikoak ez zuela euskara batua sozializatzen laguntzen.
J.A.A.: Orduan euskara batuaren aurka indar handiak zeuden. H madarikatua ere sortu zen, eta grekeraz eta esan gura duenez, ezkerrekoen joera bat zela zioten batzuek. Kaka-nahaste bat izan zen.
Baina, argi zeneukaten aurrera egin behar zela.
J.L.L.: 1980an Eusko Jaurlaritza osatzean, gobernuak batua ofizializatu zuen, bide hori hartu zuen. Hezkuntza mailan, batez ere, oso garrantzitsua izan zen batua sartzea. Etxenike orduko sailburuak ere esana du: zelan izango zen bideragarria Durangon era batera erakustea eta Azpeitian beste batera? Gainera, gaur egun mugikortasun handiagoa dago; azpeitiar bat Durangon egon daiteke, edo mungiar bat Azpeitian.
J.A.A.: Hizkuntza batek egitura bat behar du. Zein euskalkitan argitaratuko genituen unibertsitateko liburuak? Hizkuntza bateratua edukitzea derrigorrezkoa zen gauza batzuetarako. Gainera, hizkuntza kolokialean arazoak sortzen zaizkigu; adibidez, gipuzkoarrek ez dute ulertzen Bermeoko edo Ondarroako euskara.
J.L.L.: Gero, beste kontu bat da gipuzkoarrek ez dutela besteena ikasteko ahaleginik egiten. Placido Mugikak, hiztegia egin zuenak, zioen ea zertarako eztabaidatzen dugun, euskara batua gipuzkera dela. Lafittek erantzun zion, beraz, Euskaltzaindia barik Giputzaindia deitu beharko geniokeela (barrez).
Lizundia euskaltzainak Durangaldeko alfabetatze dinamikako arduradun izendatu zuen Aroma.
J.A.A.: Durangon bizkaieraz hasi ginen, Patxi Zurikaraigaz. Aurretik, Herri Gaztedi deitzen zen mugimendu bat ere ibili zen euskara irakasten. Gero, alfabetatze arloan, lehenik irakasleak prestatzeko saioak egin genituen, eta ostean herrietan klaseak ematen hasi ginen, Euskaltzaindiaren babesagaz. Titulua atera, eta Euskaltzaindiako irakasle txartela egin genuen. Durangon jesuitenean ematen genituen eskolak, eta eskerrak eurei! Hogei gela izateraino heldu ginen, eta jesuitek denak utzi zizkiguten. Jesuitek alfabetatze kanpainetan edukitako inportantzia ez da inoiz baloratu behar beste; bertan sortu ziren nagusien eta umeen eskolak, eta baita bertsolari eskola ere.