"Askoz aberasgarriagoa da kolektiboan lan egitea, bai prozesuan ikasten denagatik eta baita emaitzagatik ere"

Aritz Maldonado 2018ko aza. 30a, 13:20

Txakur Gorria sormen kolektiboa arduratu da 53. Durangoko Azokaren aurkezpen irudiaz. Horrela, Gerediagak sortzaile gazteei pasatu gura izan die erreleboa. Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok, Malen Amenabarrek eta Ane Labakak osatzen dute sormen kolektiboko taldea. Labakagaz berba egin du ANBOTOk.

Zer erakutsi gura izan duzue kartelean?
Leloa Gerediagak eman zigun, eta aniztasuna adieraztea zen gure asmoa hasieratik. Guretzat Durangoko Azokan aniztasuna zer izan zitekeen hausnartu, eta pentsatu genuen badirela mugimendu batzuk aldiro errepikatzen direnak: liburu bat hartzea, edo norbaitegaz topatu eta besarkada bat ematea, adibidez. Mugimenduan jarri genuen arreta, izan ere, Durangoko Azokan ez ezik, hortik kanpo ere errepikatzen dira mugimendu horiek, eta euskal kulturan ere badute eragina. Txakur Gorrian irudiagaz eta testuagaz egiten dugu lan, eta, kasu honetan ere, testua osatu eta paraleloki egin genuen irudia.

Hirugarren urtea duzue bertan parte hartzen.
Bai, polita izan da ikustea gu hazten joan garen heinean Durangoko Azoka mugarria izan dela. Lehenbiziko urtean stand erdia jarri genuen, beste proiektu batzuekin batera. Iaz geuk bakarrik jarri genuen osoa. Aurten, ostera, stand erdia jarriko dugu, beste guztia ere egin behar izan dugu eta. Spoteko gidoia egiten lagundu dugu, kartela egin dugu eta irekiera ekitaldian ere parte hartuko dugu. Gerediagak horrela egin gura izan du. Artistei lan soltea eman ordez, proiektuari osotasun bat eman gura izan diote, eta hori ere aniztasunean bildu.

Zeintzuk dira kolektiboan sortzearen abantaila eta desabantailak?
Gure ustez, ez dago alde txarrik. Zailtasunak egon daitezke, jakina. Adibidez, elkarregaz sortzean besteen iritzia kontuan hartu beharra dago, baina beste aldeak askoz pisu gehiago du. Sormen lana oso indibidualizaturik dago, bakoitzak bere etxean egiten du, bere koaderno edo margoekin. Baina sortzaileak dituen blokeo egoeretan, hiru kide edukitzea, hiru lagun kasu honetan, itzela da. Sormen prozesua eta emaitza bera askoz ere aberasgarriagoak dira. Gainera, gure kasuan, bakoitza bere kabuz heldu zitekeenera baino eremu askoz ere zabalago batera heltzen gara elkarregaz jardunez gero. Bestela, ez dut uste Azokako aukera irtengo zenik.

Kolektibotasuna ez ezik, gaztetasuna ere nabarmendu gura izan du Gerediagak.
Gure ustez, koherentzia osoa du horrek, lantzen duten gai nagusia aniztasuna dela kontuan hartuta. Lau emakume gazteren kolektibo bati eskatu diote diseinua egiteko. Ez dakit zenbaterainoko inkoherentea izan daitekeen jada ospea duen adin bateko artista bati eskatzea hori egitea. Sormen Beka ere atera dute, eta horrek ere erakusten du sortzaile berriengan jarri dutela ardatza.

Aurkeztuko duzue nobedaderik aurtengo Durangoko Azokan?
Proiektu berri bi aurkeztuko ditugu. Bata, Lauhazka deitzen da. Azpeitiko Udalaren sormen bekari esker kaleratu dugu. Lauron artean sortu dugun koaderno formako liburu bat da. Kate moduko bat egin dugu gure artean; bakoitzak lau egun zeuzkan bururatzen zitzaiona sortzeko, eta testuekin eta ilustrazioekin egina da. Memoria Lehortzen proiektua ere aurkeztuko dugu: hamabi koadro eta koplagaz betetako postaltxoekin osaturiko kutxatxo bat da.

Horrez gainera, Ainhoa Agirrezaldegigaz, Uxue Alberdigaz eta Miren Artetxegaz batera infografia bat egin dugu, bertsolaritzaren bilakaera genero aldetik aztertu duena. Ikerketa lantxo bat egin dugu mugarriak zeintzuk izan diren aztertzeko, eta Malenek eta Mariñek irudira pasatu dute hori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!