"Ilusio handiz hartu dugu Txotxek idatzitako 'Ametsen faktoria' antzezlana liburura eramateko ideia"

Markel Onaindia 2018ko aza. 30a, 13:33

Oreretan egiten den Eztena antzerki jaialdiko antolakuntzak sei liburu aurkeztuko ditu Durangoko Azokan, eta horietako bat Jose Martin Urrutia Txotxek idatzitako Ametsen faktoria lana izango da. Ahotsenean emango dute proiektuaren berri, abenduaren 9an, 11:30ean. "Egia esan, ilusio handiz hartu dugu Txotxek idatzitako Ametsen faktoria antzezlana liburura eramateko ideia", azaldu du Karrika antzerki taldeko Maite Lopezek. Bera eta Uxuri Gallastegi antzezleak egongo dira aurkezpenean, Eztenakoekin batera.

Urte berezian dator liburuaren argitalpena. Otsailaren 4an utzi gintuen Txotxek, Karrikaren sortzaileak. "Txotxeren obra oparoa da, baina ez dugu inoiz Karrikaren lanik publikatu. Oso ondo hartu dugu, eta pentsarazi egin digu, hor daukagun material guztiagaz zerbait egin beharko dugula egunen batean", dio Lopezek.

Izan ere, Durangon urteetako lana egin zuen Txotxek antzerkigintzan. 1986tik aurrera, Kurutziaga ikastolako antzerki-proiektu aitzindaria sortu zuen eskola orduetan, urterik urte estreinaldi berri bat eskainiz, guztira 30etik gora. Gero, 1998an, Karrika sortu zuen gazte batzuekin batera.

2008an taularatua
2008an taularatu zuten Ametsen faktoria, Karrika taldearen 10. urteurrena ospatzeko. "Antzerkiari buruz berba egiten du, ametsen faktoria den Karrikari buruz, aretoari buruz... Guri benetan gertatutako pasarte batzuk daude, taldearen imajinarioan geratu direnak...", azaldu du Maite Lopezek.

Eztenakoen asmoa jaialdian taularatutako lanak argitaratzea izan da. Karrikak Zapoi antzezlana aurkeztu zuen Oreretan, baina gurago izan dute Ametsen faktoria eraman liburura. Lopezek kontatu duenez, Zapoi obran Medea laneko zati batzuk eta Karrikako kideek sortutako beste batzuk ere badaude, Txotxerenak aparte. Libururako aukeratutakoa Elgoibarko irakaslearena da osorik, eta urteurrenagaz lotura edukitzea ere gakoa izan da hautaketarako. Urtemuga "puntu garrantzitsu" bat izan zen taldearentzat, Lopezen esanetan.

'Txotxe'-ri aitortza
Oier Guillan idazlea da Eztena jaialdiko arduradunetako bat, eta lana bildumarako zergatik hautatu duten azaldu du. "Karrikaren lana erakusteko modu bat izateaz aparte, Txotxeren lana aldarrikatzeko eta aitortzeko behar bat sentitzen genuen. Amateur berbaren atzean konnotazio negatibo asko dago. Baina estetikoki eta teatralki lan handiak egiten dituen jendea dago, eta horietako bat da Karrika. Txotxe erreferentzia bat izan da beti guretzat", nabarmendu du.

Guillanek dio pozik daudela liburua kaleratu izanagatik. "Gure esperantza da lehen pauso bat izatea, Txotxek utzitako ondare itzela erregistratzeko, transmititzeko eta ikusgarri egiteko". Liburuen argitalpenagaz, antzerki jaialdiaren filosofia zabaltzeko beste pauso bat eman gura dute. "Eztena jaialdia beti saiatu da beste era bateko proiektuak ikustarazten: bestelako dramaturgiak, esperimentalak, taldearen kudeaketari dagokionez eredu desberdinak...". Ametsen faktoriaz aparte, hurrengo antzezlanak ere eskuragarri egongo dira: Zapatak, Aitaren larrua, Abandónate mucho, Ella y él: ficciones eta Tres pedradas.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!