Zuriñe Agirre artisau gasteiztarra omenduko dute Euskal Denda azokan

Jone Guenetxea 2018ko aza. 27a, 15:28

Durangoko merkatu plazan izango den azokak 52 erakustoki hartuko ditu abenduaren 5etik 9ra bitartean.

 

Euskal Herriko artisautza bultzatzeko, Arbaso elkarteak 23. Euskal Denda azoka antolatuko du. Artea loratzen izango da edizio honetarako aukeratu duten goiburua. Aurten, Zuriñe Agirre hil berri den artisau gasteiztarraren lanak izango dira ikusgai merkatu plazako beheko aldean. Lur Keramika izenagaz, Agirrek figura bitxiak egiten zituen Gabonetako jaiotzetan ipintzeko. Euskal Dendako arduradunek prentsaurrekoan azaldu dutenez, artisau gasteiztarrak eraikitzen zituen eszenak xehetasunez beteak egoten ziren. "Gasteizko Alde Zaharreko Txikita lokaletik urteetan Euskal Dendaren ardura izan zuen; orain ohorezko agurra egin gura diogu", diote Euskal Dendako kideek. 

Nobedade ugari 

Durangon lehenengoz parte hartuko duten artisauen kopurua %20 da. "Argi geratzen da sektorean belaunaldi berria datorrela eta erakundeen aldetik laguntza behar duen gremioa dela", diote Arbasokoek. Guztira, 52 erakustoki jarriko dituzte. Horietatik 6 Durangaldekoak izango dira. Arabatik 9 artisau etorriko dira, Bizkaitik 25, Gipuzkoatik 9, Lapurditik 1, Nafarroatik 7 eta Nafarroa Beheratik 1. Sektoreka askotariko produktuen erakusleiho izango da Euskal Denda: nekazaritzako elikagaiak, beira, zura, larrua, ehungintza, zeramika, artea, euskal kirola, kosmetika, bitxigintza, imitaziozko bitxigintza, zapatak eta lore lehorrak egongo dira bertan. 

Iaz, Euskal Dendak 26.720 pertsona hartu zituen. Azoka honetara doan bisitaria "fidela" dela azpimarratu dute antolatzaileek. "Krisi sasoi honetan, Azoka bultzada bat da sektorearentzat", gaineratu dute.

 Hausnarketarako sasoia

Bernat Vidal Arbasoko arduradunak aurreratu duenez, artisau azokaren inguruko hausnarketa egiteko asmoa dute. "Azoka merkatu bat bilakatzen ari da", dio Vidalek. Gogoeta hori, baina, 25 ediziorako utzi gura dute. Aldaketa bat "beharrezkoa" dela nabarmendu du Euskal Dendako kideak. "Azoka birpentsatu behar dugu. Instituzioetatik dena zurruntzen ari dira. Posible da  laguntzarik barik gauzak guk gura dugun moduan egitea", adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!