80 urtetik gorakoentzako etxez etxeko janari zerbitzua ipiniko dute Durangon

Markel Onaindia 2018ko aza. 26a, 17:28

Pilar Rios zenbait nagusiagaz, 2016an, Adinekoen Egoitzako jantokia martxan ipini zenean.

PIlar Rios alkateordeak azaldu duenez, biharko osoko bilkuran onartuko dituzte zerbitzuaren prezio publikoak. 80 urtetik gorakoez gainera, mendekotasunen bat duten 65 urtetik gorakoek ere jaso ahalko dute janaria etxean.

Urteko egun guztietarako menua banatuko da, eta hauexek izango dira prezioak: bakarrik bizi diren eta pentsioa 800 eurokoa edo baxuagoa dutenentzat, eguneko 4,5 euro; bikotean bizi diren eta pentsioa 1.300 eurokoa edo baxuagoa dutenentzat, berdin, 4,5 euro. Zenbateko horiek baino pentsio altuagoa dutenentzat, eguneko menuaren prezioa 6,5 euro izango da. Udalarentzat 7,1 euroko kostua dute menuek.

Riosen esanetan, nagusien segurtasuna eta autonomia indartzeko helburuz sortu dute egitasmoa. Adibidez, istripuak saihestea erraztuko duela uste du. Elikadura aldetik, menuak, dietak osatzen aditua den pertsona batek egingo dituela azaldu du.

Zerbitzuan izena emateko Adinekoen Udal Egoitzara jo behar da. Hain zuzen, han ere nagusientzako menuak eskaintzen dituzte egunero, udalak sustatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!