Azaroak 25

"Berbak haizeak eroan ez ditzan", hilaren 25ean kalera irteteko deia egin dute gazteek

Markel Onaindia 2018ko aza. 23a, 14:04

Domekan emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna izango da, eta gaur ekitaldi berezi bat egin dute Durangon. Adierazpena irakurri dute udaletxean, eta herriko ikasleak izan dira berba hartu dutenak.

"Berbak haizeak eroan ez ditzan, berbokin batera azaroaren 25ean egingo diren  ekitaldietan parte hartzera gonbidatzen ditugu herritarrak", adierazi dute Kurutziaga ikastolako ikasleek. Emakumeenaganako "ezelako" indarkeriarik ez dutela onartzen esan dute, eta eredu patriarkarra "eredu okerra" dela uste dute, indarkeria egiturazkoa bihurtzen duelako. "Aukera berdintasunean eta askatasunean bizi gura dugu, eta horrela hezi gaitzaten gura dugu", azaldu dute ikasleek euren ikuspegitik.

Bestalde, Oinarrizko Lanbide Heziketa ikastetxeko ikasleek mezu autokritikoa zabaldu nahi izan dute. "Zenbat bider onartu edo barkatu dugu mutil batek bere neskalagunarekiko eginiko indarkeria kasuren bat? Ez al dugu lagundu, inork grabatu behar ez lukeen bideo bat hedatzen? Norbait mozkorraldiaz aprobetxatu denean, ez al gara konplize izan?", galdetu dute boz gora. 

Herriko erakundeei aitortza
Irakurketaren aurretik, herriko zenbait entitatek indarkeria matxistaren aurka egindako lana aitortu du udalak ofizialki. Kurutziaga ikastola, San Antonio ikastetxea, Ibaizabal eskubaloi taldea, Ezkurdi futbol taldea eta Landakoko Pediatria zerbitzua izan dira aitorpena jaso dutenak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!