Orain 12 urte martxan ipini zenetik, Jesuiten Etxean 58 etorkini eman dizkiete aterpetxea eta laguntza

Markel Onaindia 2018ko aza. 23a, 17:30

Juan Carlos Irizar musikari ezagunak kontzertu solidario bat eskainiko du bihar Durangon, Jesuiten Etxearen alde. Orain 12 urte ipini zuten martxan jesuitek proiektu hori, laguntzarik bako etorkinei aterpea eta laguntza emateko asmoz. Ordutik, 58 migratzaile jaso eta euren gizarteratzea sustatu dute. "Gure funtsa eurei harrera egitea eta gizarteratzen laguntzea da. Horretarako, garrantzi izugarria ematen diegu ikasteari eta formakuntzari", azaldu du Koldo Katxo jesuitak.

Batez ere arrazoi ekonomiko eta sozialek bultzatuta etorritako pertsonak dira Jesuiten Etxean hartu dituztenak, gehienak Saharaz Hegoaldeko Afrikatik heldutakoak. Katxoren esanetan, baliabiderik barik egoten dira, "ez dute nora jo edukitzen". Urtebetez Jesuiten Etxean ematen diete aterpe, eta beste urtebetez alokairuan hartuta duten pisu batean. Etxean lau lagun egoten dira bizitzen gehienez, eta alokatutako pisuan, hiru.

Bertako gizartean eta kulturan  murgiltzen eta lanerako prestatzen laguntzen diete, Katxok dioenez. Esaterako, Sartu-Zabaltzen enpresako ikastaroetan parte hartzen dute, eta pertsona nagusien eskolan ikasi. Gainera, gaztelaniaren oinarriak irakasten dizkiete jubilatutako irakasle sare baten bidez.

Disko aurkezpena
Proiektua laguntza pribatuei esker finantzatzen dute, eta bide horretan kokatzen da biharko kontzertua ere. Emanaldirako sarrerak bost euro balioko du. Irizarrek Pedaleando izeneko diskoa aurkeztuko du, txirrindulari ezagunengan oinarritutakoa; bere diskografia marduleko berriena da. 19:00etan hasiko da kontzertua, Jesuitetako Arrupe aretoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!