Errefuxiatuei laguntzera zuzenduko dute Emakumeen Lasterketan batutakoa

Joseba Derteano 2018ko aza. 22a, 09:01

Durango Kirol Taldeak antolatutako Emakumeen Lasterketak hirugarren aldia egingo du azaroaren 25ean. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, aurtengo irabaziak CEAR-Euskadi erakundeari emango dizkiote, emakume errefuxiatuen alde egiten duen lana babesteko. Horrela, lehia eta elkartasuna uztartuko dituzte beste behin.

Lasterketak bost kilometro izango ditu eta 11:30ean hasiko da, Ezkurditik. Durangoko hainbat kale zeharkatu ostean, toki berean helmugaratuko dira. Aurretik, 11:15ean, beste proba laburrago bat ere egingo dute, gaztetxoek eta gura dutenek parte hartzeko.

Izen-ematerako hainbat aukera
Izen-ematea interneten bidez (www.kirolprobak.com webgunean) egin daiteke, 10 eurotan. Azaroaren 21etik 23ra Andragunera joatea da beste bide bat. Egunean bertan ere apuntatu daiteke, 12 euro ordainduta. Lasterketa laburrerako, egunean bertan eman behar da izena, 10:00etan hasita. Dortsalak eta kamisetak proba egunean banatuko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!