Durangoko Amankomunazgoan elkarlanean lantzen dituzte adikzioak prebenitzeko ekimenak

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko aza. 21a, 09:40

Durangoko Amankomunazgoaren Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak hainbat alorretan dihardu lanean. Prebenitzeko, ondo informatuta egotea eta jarrerak lantzea garrantzitsua da, eta ildo horretan ari dira. Ikastetxeetan gazteei zuzendutako saioetan hainbat gai lantzen dituzte: drogak, sexualitatea, emozioak, sare sozialak, … batez ere, LH, DBH, Batxilergo eta Ziklo Formatiboetako Amankomunazgoko ikastetxe guztietan.

Gai horiek seme-alabengan duten eragina lantzeko, ostera, guraso eskolak antolatzen dituzte. “Guraso askok uste dute gaur egun euren sasoian baino droga gehiago daudela eta gehiago kontsumitzen dela, baina datuek kontrakoa diote. Drogen kontsumoa, orokorrean, jaitsi egin da, batez ere alkoholarena, eta kontsumitzen diren drogen inguruan ez dago aldaketa nabarmenik”, diote Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuko arduradunek. Hala ere, sare sozialak eta mugikorraren erabilera ere gurasoek izaten duten beste kezketako bat izaten da.

Hurrengo ikastaroak
Horrez gain, Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak beste programa bi ditu martxan. Alde batetik, erretzeari uzteko ikastaroan eman daiteke izena urte osoan zehar. Bestetik, emakumeen antsietatearen inguruko talde terapia ere laster abiatuko dute. Ikastaro honetan azaroaren 14ra arte apuntatu daiteke eta eguaztenetan  izango da, 15:30etik 17:30era.

Tokiko Plana
Baina, adikzioen esparruan, zeintzuk dira Amankomunazgoak dituen premiak? Lau urterik behin Prebentzio Zerbitzuak drogari eta teknologien erabilerari buruzko ikerketa egiten du. Hemendik ateratako datuekin eta hainbat eragileren iritzia jasota (irakasleak, gurasoak, ikasleak, gazte lokaletako jendea, komertzioak, Ertzaintza, Amankomunazgoko alkateak, Gaztetxeak, …)  adikzioen inguruko tokiko plana osatzen dute.

Dagoeneko Plan Lokala abiatu dute eta urtebete emango dute datuak jasotzen. Orain urte batzuk drogomenpekotasunera mugatzen zuten plana, baina ludopatia tratatzeko beharra nabaritu zuten, eta adikzioena izatera pasatu da. Laugarren tokiko planagaz hurrengo bost urteetarako programazioa diseinatuko dute.

ESKOLA MAILAN:
• Drogen prebentzioa eta arriskuen murrizketa
• Heziketa afektibo-sexuala
• Teknologia berrien erabilera egokia eta ludopatia
• Emozioen kudeaketa
• Balioen heziketa
FAMILIAN ETA MAILA KOMUNITARIOAN:
• Guraso eskolak eta hitzaldiak
• Erretzeari uzteko ikastaroak
• Emakumeak eta antsietatea ikastaroa
• Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna – Maiatzak 31
• Alkoholaren arriskuak prebenitzen jaietan
• Preserbatiboen banaketa jaietan
• Arreta eta aholkularitza zerbitzua
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!