Ia 500 nobedade aurkeztuko dituzte Durangoko Azokaren 53. edizioan

Aritz Maldonado 2018ko aza. 20a, 16:42

Aurtengo uzta oparoaren islada izango da Durangoko Azoka. 53. edizioko nobedade eta datu orokorrak aurkeztu ditu Durangoko Azokak gaur. 439 nobedade egongo dira aurten, eta erdia baino gehiago liburuak izango dira. Guztira, 247 stand egongo dira. 

Horrez gainera, Durangoko Azoka osatzen duten zortzi guneetako egitaraua eman dute ezagutzera hauetako arduradunek. Areto Nagusiko Gogoetaren Plazan, adibidez, 68ko belaunaldia, sormena eta gurasotasuna eta kultur transmisioa eskolan gaiak landuko dira, besteak beste. Ahotseneak hamaika urte beteko ditu aurten, eta bertan 70 kontzertu eta 42 solasaldi egongo dira. Saguganbaran, ostera, ipuin kontalarien maratoia antolatu dute abenduaren 9rako, eta bost ipuin kontalarik ordu erdiko ipuin kontaketa saioak eskainiko dituzte. 

Plateruena kulturgunean, ohiko kontzertuez gainera, berrikuntza nagusia 'Hautsi Bolumena' musika saioa izango da, Azoka Telebistagaz elkalanean sortu da ekimen hau. Irudieneak garrantzia berezia izango du aurten, euskal zinemagintzarentzako urte garrantzitsua izan baita. 'Soinujolearen Semea' filmearen aurre-estreinaldia egingo da, adibidez. Szenatokian egonkortu egin da gune bezala, eta arte eszenikoen eskaintza zabala antolatu dute bertarako. 

Kabi@ guneak bere kokalekua aldatuko du, eta akurtengoan Landako barruan egongo da. Abenduaren 9an Uztaritz Betelu artista donostiarraren erakusketa bat egongo da bertan. Azoka TB ere berrikuntzekin dator, 'Hautsi Bolumena' saioa eskaintzeaz gainera, formatu ibiltaria edukiko du aurten. Autoekoizleen plazan, ostera, 17 lagunek parte hartuko dute. 

Sormen Beka
Azokako lehenengo Sormen Bekaren irabazlea, ostera, abenduaren 6an jakinaraziko da. Pozik agertu da Nerea Mujika Gerediagako presidentea deialdiak izan duen harreragaz, izan ere, 28 lan jaso dituzte. "Kalitate handiko lanak jaso ditugu, gainera".

Bestalde, Euskaraldia ekimenean parte hartzeko deia zabaldu du Mujikak. "Hizkuntza ohiturak aldatzeaz gainera, kontsumo ohiturak aldatzea ere onuragarria izango da".

53. Durangoko Azokaren aurrekontua iazkoa baino pixka bat handiagoa da, 659.912 eurokoa hain zuzen ere. 

Egitarau osoa ikusteko, sakatu loturan: http://www.durangokoazoka.eus/eu/egitarauak/egitarau-osoa/egitaraupublikoa

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!