“Izugarri ona da garbantzu eta brokoliagaz egindako hanburgesa”

Aitziber Basauri 2018ko aza. 20a, 09:16

Ivan Zudairek ez du ez okelarik ez arrainik jaten. Iratxe Zudairek pauso bat aurrerago eman du eta, begano egin denetik, animalien deribaturik ere ez du hartzen. Kalitateko janariagaz eta animaliarik jan barik osasuntsu elikatu daitekeela uste dute, eta hori erakusteko, tresna bilakatu gura dute 'Power of Zanahoria'. Errezetak zabaltzen dituzte sare sozialetan, gaztelaniaz eta ingelesez. Barazki-jaleak zoriontsuagoak direla uste du Iratxek; Ivanek, berriz, tripa beteta dugunean garela zorintsu dio. Euren esperientziak zabaltzeko blog bat sortzea dute erronka.

The Power of Zanahoria. Zer da izen honek ezkutatzen duena?
Ivan: Barazki-jaleok ez ditugu bakarrik letxuga, azenarioa eta zerbak jaten. Egiteko errazak eta jateko oso onak diren jakiez elikatzen gara, eta hori ezagutarazi gura dugu. Oso gustuko dut kozinatzea, batez ere barazkiak: izugarri ona da garbantzu eta brokoliagaz egindako hanburgesa, edo azenario eta dilistekin egindakoa.

Plateren argazki eta errezetekin aukera zabala dela erakutsi gura duzue?
Iratxe: Oso ondo jan daiteke animaliarik jan barik, haiek hil, erabili edo ustiatu barik. Hori erakutsi gura dugu. Errezetak ahanzturan ez gelditzeko ere bada. Munduko gizonik indartsuena beganoa da, greziarra.
Ivan: Kirolari asko ere beganoak dira. Marcos Llorente eta Hector Bellerin futbolariak edo Djokovic tenislaria, adibidez. Osasuntsua da barazki-jalea izatea, argal izatearen baliokide ez den arren. Txokolatezko brownie-ak edo barazki enpanadak kaloria asko dute.

Noiztik zarete barazki-jaleak?
Ivan: Orain 11 hilabete hartu nuen erabakia. Animalien gehiegizko ustiapena mugatu behar dela uste dut.
Iratxe: Ezin dut ulertu inondik inora animaliak hiltzen diren mundua. Osasuntsu nago, ez zait falta ezer. Bost urte dira barazki-jalea naizela.

Urtebete da beganoa zarela, Iratxe. Pauso bat aurrerago eman duzu?
Iratxe: Denetarik dago, baina beganook ez dugu inolako esplotaziorik gura, ez elikadura, ez kosmetiko, ez arropa, ez aisialdi modura. Animaliak gara eta ez dugu beste animaliarik esplotatu beharrik gure ustezko onerako. Ikasketa prozesu bat izan da. Hasieran ez zen erraza izan. Dietistarengana joatea oso garrantzitsua da.

Animalien deribaturik ez duzu erabiltzen.
Iratxe: Ez. Okela eta arrainaz gain, ez dut gurinik, esnekirik, arraultzarik, eztirik eta esnerik hartzen. Txokolatea ere ez, esnea badu. Gozoki dendan zerbait hartzea odisea da. Garbigarriei begiratzen diet eta ez dut larrua, artilea edo seta duen jantzirik erabiltzen.

Ez duzue ezer falta?
Iratxe: Ez. B12 bitaminagaz osatzen dugu elikadura. Baina haragi-jaleek ere animalien bidez hartzen dute hori, pentsua horregaz busten da.

Proteinarik ere ez duzue behar.
Iratxe: Okelak proteina osoa du, barazkiek ez. Baina lekaleak proteina piloa du eta arrozagaz batuz, okelarena berdindu zein gehitu daiteke.
Ivan: Beti jan ditugu garbantzuak arrozagaz eta barazkiekin. Barazki-jalea zarela-eta, nahastu egiten dira asko.

Inoiz pentsatu duzue uztea?
Ivan: Oraingoz, ez. Baina esana dut gainesfortzu bat eskatuz gero, sufrituz gero, utzi egingo dudala. Esan behar dut guztiaren gainetik errespetua dela gure araua.

Zergatik diozu?
Ivan: Barazki-jale edo begano izatea muturreko jarrerekin lotzen da. Ez da horrela. Gurago dut barazkiak jan, noski! Baina albokoak harburgesa jateak ez dit arazorik sortzen.

Oso sartuta dugu okela jatea?
Ivan: Oso barneratuta! Japonian, Thailandian, Mexikon…  barazki piloa jaten dute, gu baino askoz gehiago. Bururatu ere ez zaigu egiten jatordu osoa barazkiz egitea.
Iratxe: Ogitarteko begetalek gazta, mahonesa, arrautza, urdaiazpiko egosia, atuna… dute (barrez). Gosez geratu garela ere uste dute, baina beteta gaude.

Zein menu eskainiko zenigukete?
Ivan: Azenario kroketak, ahuakate eta tomatedun tostada, eta brokoli wok-a. Gero, pisto enpanada. Postrerako natillak edo arroz-esnea.
Iratxe: Ardo saltsan egindako shiitake perretxikodun bolobanak, entsalada hornitua eta pisto lasagna. Postrerako, kalabaza pastela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!