Sentsibilitate zentraleko gaixoen alde izango dira Durango Kirolak erakundearen ekintza solidarioak

Markel Onaindia 2018ko aza. 19a, 09:36
Aurten, martxoan, Geu Be elkartearen alde eginiko maratoi baten irudia.

Azaroaren 24an Spinbikeko maratoi solidarioa egingo dute, eta abenduaren 1ean zunban oinarritutakoa. Ekimenagaz batuko duten dirua Durangon jaiotako SFC-SQM Euskadi-AESEC elkartearentzat izango da.

Sentsibilitate zentraleko gaixotasunak lau ataletan sailkatzen dira: neke kronikoaren sindromea, fibromialgia, sentsibilitate kimiko anizkoitza eta elektrohipersentsibilitatea. Gaur egun ez dago gaixotutako pertsonen erroldarik, baina adituek uste dute herritarren %2 eta %15aren artean eduki dezaketela horietakoren bat. Durangon, laurak batera dituen emakume bat bizi da, eta bere ingurukoek sortu dute elkartea, erkidego mailan ere eragiteko asmoa duena. 

Durangar honi hainbat sistemetan eragiten diote eritasunek: nerbio-sisteman, zirkulazioan, arnasketan, liseriketan, metabolismoan... Gai toxiko, kimiko eta elektromagnetikoen esposizioak kalte egiten diotela azaldu dute elkarteko kideek. Ondorioz, ezin du bizitza normal bat egin; telefono edo Wi-fi seinaleek kalte egiten diote, adibidez. Etxetik ateratzeak gaixotzea suposatu ahal du beretzat. 

Datozen asteburuetako maratoien inguruko informazioa: Durango Kirolak

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!