Azaroaren 25eko egitarauko irudia izateko aukeratu zaituzte. Pozik zaude?
Oso pozik, egia esan. Niretzat plazer bat da Durangoko emakumeen irudian ni agertzea, baina baita ardura ere, garrantzi handiko gaia da eta.
Eraso sexisten aurkako Herri Akordioa sustatzen ibili zara azken hileetan. Zer garatu duzu?
Herri Akordioa gazteen artean ezagutzera ematea izan da nire lana, eta Durangoko jaietan zenbait ekintza aurrera eramatea ere bai. Jaietan 400 bat argazki atera genituen, eta akordiorako 500 bat sinadura batu. Gainera, aurten, iaz baino gehiagok ezagutzen zuten akordioa. Gazteei begira, lokaletan bisitak egitea izan da jarduera nagusia. Durangoko 14 gazte-lokaletatik pasatu naiz. Akordioaren berri eman, euren konpromisoa sustatu eta protokoloa azaldu izan dut, eraso sexista baten aurrean zer egin jakin dezaten.
Zer sentsazio jaso duzu gazteen partetik lokaletara joan zarenean?
Oso sentsazio ona jaso dut. Tristea bada ere, kontzientzia sortu da sexu erasoen hainbat kasu egon direlako gure herrian. Iaz gaztetxoek gazteek baino hobeto hartu zuten bisita, baina aurten aldaketa itzela nabaritu dut. Oso gustura ibili naiz eurekin berbaldiak edukitzen.
Urteek aurrera egin arren, indarkeria matxista ez da desagertzen, eta kasu asko salatu dira azken urteetan. Etorkizuna direla kontuan izanda, gaiarekiko sentsibilizatuta ikusten dituzu gaur egungo gazteak?
Kontzientzia handiagoa ikusten dut. Ikastetxeetan ere lan handia egiten dabiltza eta eskertzekoa da. Baina oraindik lan asko dago egiteko. Reggaetoian nagusitzen diren letrak mina eragiten ari dira, batez ere gaztetxoengan, ez dutelako ikuspuntu kritikoa gure adineko gazteek bezain garatua. Musikak laguntzen ez badu, eta euren egunerokotasunean dagoela jakinda, lan egin beharko da horretan. Guztion borroka bat da, guztion aletxoa beharko da benetako berdintasuna lortzeko.