Ibaizabal, Durangon apurka izena egiten ari den eskubaloi kluba

Joseba Derteano 2018ko aza. 17a, 11:30

Urterik urtera eskubaloiak gero eta oihartzun handiagoa du Durangon eta, hein handian, Ibaizabal eskubaloi taldeak egiten duen lanari esker da. Orain 15 urte San Jose Jesuitak ikastetxean abiatutako abentura bederatzi taldetan gorpuztuta dago gaur egun, euretatik lau federatuen mailakoak. Talde denak kontuan hartuta, 90 neska dabiltza astero eskubaloia praktikatzen.

Gero eta jende gehiagoren ahotan dabil eskubaloia, eta Ibaizabaleko kideak horretaz ohartuta daude. "Aurreko batean horixe komentatzen ibili ginen geure artean. Jesuitetan gaztetxoek kalean jokatzen dute eta euren gurasoen inguruan ibiltzen dira. Jendeak ikusi egiten gaitu eta hori igarri egiten da. Ibaizabalek klub moduan izena hartu du, zalantzarik barik", adierazi du Irati Bereinkua nagusien taldeko jokalariak. Jesuitak ikastetxean lau talde dituzte aurten, eta Kurutziaga ikastolan, bat. Askotan Ibaizabaleko jokalariek entrenatzen dituzte. Gustura egiten duten lana da, etorkizuna zizelkatzen ari direlako. "Hainbeste gazte ibiltzeak beldurra kentzeko balio du. 'Gu joaten garenean zer gertatuko da?' izaten da kluben ardura sarritan, baina jokalari kopuruak erreleboa bermatzen du. Hori ikustea oso motibagarria da guretzat eta lanean jarraitzeko indarra ematen digu", onartu du Bereinkuak.

Harrobiko lanak kluba indartzen du. Gaztetxoek adinean aurrera egin ahala, Ibaizabalek gero eta talde gehiago ateratzeko ahalmena du. Aurten lau talde federatu dituzte. Bi kadeteetakoak dira eta euretako bat berria da.

15 urteko lanaren fruitua
San Jose Ikastetxean erein zuten hazia orain 15 urte. Hantxe hasi ziren lehenengo neska gazteak eskubaloian. Harrezkero, emakumeen eskubaloia hazten eta hazten joan da. Ibaizabal kluba 2008an sortu zuten, kadete adinera heldu ziren gazteei tokia egiteko. Beraz, aurten hamargarren urteurrena ospatzen dabiltza. Gazteak nagusitu zirenean, senior mailako taldea sortzeko unea heldu zen, 2013an. Denboraldi hartan kadeteek klubeko lehenengo titulua irabazi zuten Basaurin jokatutako finalean eta, ondorioz, Euskal Ligako talde bihurtu ziren.

Nagusiak, bolada onean
Nagusien taldeak indartsu hasi du Bizkaiko liga. Orain arte jokatutako lau partiduetatik hiru irabazi dituzte eta bat berdindu. Porrotik ez, oraingoz. Sailkapeneko bigarren postuan daude. "Iaz hirugarren geratu ginen eta igoeraren atarian geratu ginen, mailaz talde bi igotzen direlako. Aurreko urteetako emaitzak ikusita, gogotsu gabiltza aurten. Talde oso ona daukagu eta ez dugu mailaz igotzea baztertzen", dio Bereinkuak, baikor.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!