“Liberazio bat izan da 'El Redil de los Cobardes' egitea, beti gura izan dut-eta gai horri buruz zerbait idatzi”

Aritz Maldonado 2018ko aza. 16a, 14:30

Xabier Alconero (Barakaldo, 1990) pozik dago 'El Redil de los Cobardes' film laburrak izandako harreragaz. Sortzaile durangarrak hainbat diziplina jorratzen ditu eta ikus-entzunezkoen mundura itzuli da film labur honegaz.

Hainbat sari jaso dituzu 'El Redil de los Cobardes'-egaz.
Egia esan, oso pozik nago. Ez nuen uste hain umila eta pertsonala zen proiektu batek horrelako harrera izango zuenik. Zazpi sari jaso ditu, eta 30 izendapen. Jaso dituen azken sariak L-Lidoscopi jaialdikoa eta Buenos Aireseko FICAB nazioarteko jaialdikoa izan dira. Berriki esan digutenez, Txileko Santiagoko eta Mostra Quaestio nazioarteko jaialdietan egongo gara, eta Soriako jaialdian ere bai.

Proiektuaren zein balorazio egiten duzu?
Pozik nago, arrazoi bigatik. Alde batetik, gidoiagaz. Ikuspuntu ezberdin batetik abiatuta, istorio konkretu bat kontatzeko eta guztiok identifikatuta sentitzen garen ideia bat transmititzeko gai da. Konplexua da, gainera. Norabide ezberdinetan adarkatzen da, eta gero klimax berean egiten du bat. Betidanik idatzi gura izan dut gai honetaz, baina orain arte ez dut topatu konbentzitzen ninduen ideia edo tonua. Hori dela eta, liberazio bat izan da dokumentala egitea. Hala ere, alde teknikotik ahalegin pixka bat gehiagogaz emaitza hobea lortuko nuelakoan nago. Arantza hori gelditzen zait. Une honetan ikus-entzunezko, literatur eta arte plastikoetan nabil lanean, eta film luze baterako eta marrazki bizidunen sail baterako gidoiak egiten.

Bere garaian film luze batean zenbiltzan lanean. Ze fasetan dago proiektua?
Film luze hori 2010ean grabatu nuen, baina ikasketa eta lan kontuengatik muntaia fasean albo batera utzi nuen. Pelikula amaitzeko, beharrezkoa den guztia grabatuta dago, eta irudiak gordeta ditut. Askotan pentsatu izan dut amaitzea, eta hiruhileko bat eskaini ahal diodan unean amaituko dut, emaitzaz oso harro ez nagoen arren. Editatu barik ikusi duten lagunek interesgarria dela diote, gidoiari dagokionez behintzat. Teknika eta interpretazio aldetik pixka bat hankamotz dago. Amaituz gero, YouTubera igo eta sare sozialen bidez zabalduko nuke. Uste dut lan ausarta eta nahiko zoroa dela, eta barre batzuk eragin ditzakeela; beharbada beste batzuei ez zaie gustatuko. Bihozkada dut Durangaldea [bertan dago grabatua] irauli eta entretenitu dezakeela egun batzuez.

Grabatuak ere egiten dituzu. Nondik datorkizu zaletasuna?
2016 amaieran hasi nintzen grabatuekin. Erakusketarik garrantzitsuenak Bulgarian, Belgikan eta Luxenburgon egin ditut. Horrez gainera, Bilboko FiGeko Open Port Foliorako eta Madrileko Arte Joven zirkuiturako hautatu ninduten.

Rapeatzen duzula ikusi dut. Bidea Wurratzeko asmoa duzu?
Bai, rapeatu izan dut inoiz, baina rapa egin baino, poesia idazten dut. Egiten dudan guztitik hori izango da, beharbada, gutxien erakusten dudana. Niretzat gordetzen dut. Agian liburu batean aterako dut inoiz, baina oraindik ez, oso pertsonalak direlako, eta denborak ematen duen perspektiba hori behar dut hurbileko jendeari erakusteko. Ezezagunei erakustea berdin zait, baina publiko egiterakoan, hurbilekoek irakuri egingo dute.

Nola konpontzen zara hain sortzailea izateko hainbeste diziplinatan?
Beti izan naiz sortzailea. Beti izan dut gustuko istorioak kontatzea eta sentimenduak transmititzea. Diziplina ezberdinak jorratzeak aukeren abanikoa zabaltzen du, eta, bide batez, sasoian egoten laguntzen dit. Istorio batzuk hobeto kontatzen ditut koadro batean, beste batzuk film labur batean eta beste batzuetarako poesia behar dut.

Nondik bideratu gura duzu zure ibilbide artistikoa?
Akademikoki, eskultura eta gidoigintzaren goi mailako ikasketetan zentratu gura dut. Lan munduari dagokionez, marrazki bizidunen web sail batean, film luze batean eta mahai-joko baten sorkuntzan egingo dut lan. Proiekturen bat erdibidean geratu daiteke, oso mugitua naizelako. Normalean ez dizkiot urte bi baino gehiago eskaintzen ikasketa edo lan bati, eta berdin gertatuko zait diziplina artistikoekin. Alor batean bidea egin ostean, aspertu egiten naiz. Gauza berriak ikasi eta beste batera jauzi egiteko gogoa izaten dut. Baina gero beti itzultzen naiz diziplinetara.

Zerbait gehitu gura duzu?
Gaitza da zinera, idaztera edo arte plastikoetara dedikatzeko denbora ateratzea. Oro har, sorkuntza artistikoa esker txarreko lana da. Aldi berean, medio hauen bidez adierazi gura dugunontzat denbora ateratzea ezinbestekoa da. Sariak lortuta edo lortu barik, bizitza osoan egingo dudan zerbait dela uste dut. Honela imajinatzen dut neure burua zahartzaroan: atarian egurrezko zati bat zizelkatzen, koadro bat margotzen edo liburu bat idazten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!