Lucia Jimenez eta Gonzalo Diaz durangarrak Australian dira, salbamenduko munduko txapelketan

Anboto 2018ko aza. 15a, 16:25
Gonzalo Diaz eta Lucia Jimenez Adelaidan

Bihar hasi eta abenduaren 2ra bitartean Salbamenduko Munduko Txapelketa izango da Adelaidan (Australia). Modalitate askotako onenak batuko dituen txapelketan euskaldun bi ibiliko dira, biak durangarrak: Tabirako Igeriketa Taldeko Lucia Jimenez eta Gonzalo Diaz. Euskal ordezkari bakarrak dira.

Jimenezentzat erronka berria da. 16 urteko juniorrak lehenengoz parte hartuko du munduko txapelketa batean. Diazek hirugarren aldia izango du eta master kategorian ariko da. Bere posturik onena 2016an lortu zuen, 100 metroko sorosle proban laugarren amaitu zuenean.

Batek zein besteak hainbat modalitatetan parte hartuko dute, igerilekuan zein hondartzan. Igerilekuan oztopodun 200 metroetan eta 100 metroko sorosle proban lehiatuko dira, besteak beste. Hondartzan igeri-surf, taula, sky eta oceanman edo oceanwoman modalitateetan ibiliko dira. “Azken urte bietan gogor entrenatzen dihardugu hondartzetan, batez ere, Plentzian eta Lagan. Taula eta sky modalitateetan sailkatzea eta azken txandetan puntuatzeko  aukera izatea espero dugu”, adierazi du Diazek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!