Iaz bezala, 60.000 boleto saltzeko esperantza dute antolatzaileek. Txartel bakoitza 1,5 euroan salduko dute, eta urtarrilaren 6an egingo dute zozketa, 18:00etan, Andra Marian. Citroen C3 autoa da zozketako sari nagusia, Gaursan hartua. Horregaz batera, Kanariar Uharteetara eta Andaluziara bidaiak, bizikleta elektrikoa, Iphonea eta Imac ordenagailua aipatu daitezke. Gainera, Eroskiko otzara bat, Kobikako afari bat, Mancisidor eta Tabira dendetako erlojuak, eta Durango Kiroletako bonoak ere jaso dituzte, besteak beste. Hala ere, nabarmentzekoa da JAEDek erosten dituela produktu gehienak, 30.000 euroko inbertsioa eginda.
Zozketagaz aterako duten dirua JAEDen ekintza solidariorako izango da. Arazo ekonomikoak dituzten familia askori esku bat botatzen egiten dute lan JAEDeko 25 bat boluntarioek, elikagaiak ematen eta argindarra ordaintzeko laguntzen adibidez.
Gazteek erosketak, gora
Aipagarria da gazteen adin tartea gero eta handiagoa dela zozketan, JAEDeko Covadonga Novalek eta Susana Lorenzok azaldu dutenez. Euren ustez, produktuak eguneratzeko egindako ahaleginak eragin du horretan.