37 emakumek eraso sexistak salatu dituzte aurten Durangon

Markel Onaindia 2018ko aza. 14a, 13:54

Azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna izango da, eta udalak horren harira prestatu duen egitaraua aurkeztu du. Gainera, 2018an herrian salatutako eraso sexisten kopurua ere azaleratu du, irailera arteko datuetan. 38 kasu izan dira, iaz baino bat gutxiago.

Indarkeria kasu gehienetan emakumeak 21-30 adin tartekoak izan dira, eta gero 41-50 tartekoak.  Biktima horietako 10ek adin txikikoak eduki dituzte euren kargu. Erasotzaileen kasuan, gehienak herrialdekoak izan dira, Durangokoak barne hartuta. Soilik bigarren hiruhilekoan izan ziren erasotzaile gehiago Europar Batasunetik kanpokoak bertakoak baino.

"Hauek izebergaren punta dira, salatzen ez diren kasu gehiago daude", ohartarazi du Pilar Rios alkateorde eta Berdintasun arloko zinegotziak.

Usue Martinezen irudia
Aurtengo programa Usue Martinezen irudiak jantziko du. Antzerkigilea eta musikaria izateaz aparte, eraso sexisten aurkako Herri Akordioa lantzen ibili da Durangoko gazte lokaletan. Riosek esan du gazteen artean erreferente bat dela lan horregatik. Hain justu, gazteekin tailer bereziak egingo dituzte egunotan bost ikastetxetan.

Ekintzen artean aipagarria da hilaren 25ean III. Emakumeen Lasterketa egingo dutela, 11:30ean. Ordu laurden lehenago, gizonek ere parte hartu ahalko duten ibilbide laburrago bat egingo da. Durango Masters Kirol Taldeak antolatzen du, eta batutako dirua CEAR-Euskadik emakume errefuxiatuekin egiten duen lana laguntzeko izango da, Goretti Etxegibel eta Sonia Ocejak azaldu dutenez. Izena eman daiteke Andragunean, kiroldegian, eta kirolprobak.com atarian. Gainera, Rugby tabernan ere apuntatu ahalko da presentzialki, azaroaren 22, 23 eta 24an. Lasterketaren ostean, 13:00etan, Plataforma Feministak deitutako manifestazioa garatuko da kaleetatik.

Bestalde, hilaren 23an literatur emanaldi musikatua eskainiko dute hainbat sortzailek, 19:00etan, Andragunean. Gainera, aurten Kurdistaneko emakumeekin egondako Suargi taldeak bere esperientzia kontatuko du hilaren 26an, 19:30ean, Andragunean. Eider Uribek esan du esperientzia hori Durangoko emakumeekin konpartitu nahi dutela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!