“Taldeko sailkapenak denon motibazioa pizten du eta polita litzateke irabaztea”

Maialen Zuazubiskar 2018ko aza. 10a, 11:30

Azken lasterketaren faltan, Ekaitz Kortazar durangarra Bizkaia Kopa Traileko txapelduna da matematikoki. Parte hartu duen zazpi lasterketetatik bost garaipen eskuratu ditu.

Asteburuan Lekeition bigarren postua lortuta, matematikoki Bizkaia Kopa Traileko irabazlea zara.
Hala da, bai. Martxoan hasi zen txapelketa eta abenduan Dimako lasterketagaz emango diogu amaiera kopari.

Txapelketa hasi zenean, espero zenuen horrela ibiltzea?
Otsailean lesio bat izan nuen eta ez nuen txapelketa honetan parte hartzeko asmorik. Anaiak eta Sorginen Lagunak taldeko kideek animatzeko esan zidaten, taldekako sailkapenerako ona izan nintekeelako. Beraz, eurek animatuta, martxoan lehenengo probara joan nintzen eta bigarren egin nuen.

Zazpi lasterketatan bost garaipen eta bigarren postu bi lortu dituzu. Sasoi onean zauden seinale.
Bizkaiko lasterketa hauetan maila oso altua ez dagoen arren, aurrean maila oneko korrikalariak ibili gara eta lasterketa guztietan borroka polita izan dugu. Gainera, zortzi hilabete irauten duen kopa batean sailkapen nagusian ondo aritzeko, urte osoan maila ona izan behar duzu, eta nik hori egitea lortu dut.

Kopa irabazita duzun arren, Dimako garaipena lortzeko borroka egin gurako duzula imajinatzen dut.
Beste helburu batzuk ditut eta oraindik ez dakit joango naizen. Dimara banoa, taldeko sailkapenarengatik borrokatzeko izango da, zaila den arren badaukagu-eta aukera txikiren bat irabazteko. Taldeko sailkapenak denon motibazioa pizten du eta polita litzateke irabaztea.

Kopa amaitutakoan, zeintzuk dira zure hurrengo helburuak?
Azaroan eta abenduan entrenamendu gogorrak egin eta urte hasieran Durango Kirol Klubagaz jokatuko ditudan Bizkaiko eta Euskadiko Txapelketetara sasoi betean heltzea da nire asmoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!