Bibotea utzi eta Movember kanpainara batzeko deia egin du DRTk

Joseba Derteano 2018ko aza. 6a, 19:06
DRTko Kepa Goienetxea, Iker Mendieta eta Antxon Iriondo gaurko prentsaurrekoan.

Mundu mailako ekimenaren helburua prostata eta barrabiletako kantzerraren inguruko kontzientziazioan eragitea da. Durango Rugby Taldeak diru bilketa egingo du hile honetan zehar eta ekimena jai batekin errematatuko du.

DRTko kideek Durangoko herritarrei ekimenean parte hartzeko deia egin diete. Gizonek bibotea utziz parte hartu dezakete. Emakumeek, aldiz, ekimena sustatuz lagundu dezakete: inguruan senide edo lagun gizonezkoekin elkarrizketak sortuz, probak egitera bultzatuz, mugimendurako partaide egitera gonbidatuz... 

Iaz 1.300 eurotik gora batu zituzten Movember fundazioarentzat. Aurten ere donazioak egin daitezke. Horretarako Movember mugimenduaren webgunera sartu, izena eman eta DRTk sortuta duen taldera sartu behar da. Modu horretara batutako diru guztia fundazioari emango diote ekimena amaitzen denean.

Jaia azaroaren 29an

Kanpaina jai batekin agurtuko dute, azaroaren 29an. Pintxopote berezia, photocall-a eta oparien zozketa izango dira. Bibote originalenaren txapelketa ere egingo dute.

Gero eta atxikimendu gehiago

Iaz Durangoko hainbat kirol taldek zein bestelako elkartek bat egin zuten kanpainagaz. Aurten berri bi batu zaizkie. Batetik, Durango MTB Sapubike taldea. "Eurek deitu ziguten ekimenera batu gura zutela esanez eta eskertzekoa da", adierazi du Iker Mendieta DRTko kideak gaurko prentsaurrekoan. Beste nobedadea emakumeen Ibaizabal eskubaloi taldea da. "Iaz, esaterako, Tabirakoko neskek parte hartu zuten. Aurten Ibaizabalekoei proposatu eta gustura batuko direla esan ziguten", azaldu du Antxon Iriondok. Iaztik jarraitzen duten taldeak Anbotopeko, Durangoko Kulturala, Ezkurdi, Gu Lagunak, Durangoko Bikainak, Durango Judo Taldea, Mendibeltz, Sasikoa eta Tabirako dira.

Enaitz Gorosperen kartela

Ekimena promozionatzeko kartela berria da. Urtero diseinu desberdin bat ateratzen saiatuko dira. Aurtengoa Enaitz Gorospe durangarrak egin du. 

Aurtengo kartela:


ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!