Bartolome Ertzilla konpositore eta musikari durangarra omentzea da Musika Hamabostaldiaren edizio berriaren helburua. Guztira, lau kontzertu eskainiko dira musika jaialdian, iazko edizioan baino bat gehiago.
"Konposatzaile baten ikuspuntua azaltzeko oso baliagarrria da bere musika interpretatzea" azaldu du Luis Orduña Durangoko Tabira Bandako zuzendariak. Orduña proiektu honen sustatzaileetako bat da, Durangoko Udalagaz eta Bartolome Ertzilla Kontserbatorioa eta Musika Eskolagaz batera. Hain zuzen ere, doktoratua egiten dabil Orduña, eta Ertzilaren figuran sakontzeko aukera izan du doktoratuaren bidez. "Durangora heltzean Ertzillaz nuen erreferentzia bakarra 'Mesias Sarritan' zen, orain, berak idatzitako 40 obra inguru identifikatuta ditut, eta badakit beste harnaka bat ere idatzi zituela".
"Musikaren NBAn daude"
Esan bezala, zapatuan emango zaio hasiera kontzertu zikloari, Elena Arbonies klarinete jotzaile durangarraren kontzertuagaz. 20:00etan izango da kontzertua, San Frantzisko elizan. Kontserbatorioko ikasle ohia da Arbonies, eta egun Rotterdameko (Herbehereak) kontserbatorioan graduondoko bat ikasten ari da. Bigarren kontzertua, Kamerata Oiassoren 'Viaggio Musicale' izango da, abenduaren 1ean.
Lau kontzertuetako bi monografikoak izango dira, Bartolome Ertzillaren piezetan oinarriturikoak. Abenduaren 16an Durangoko Bandaren kontzertua egongo da Vanessa Goikotxea eta Andeka Gorrotxategi abeslari ospetsuegaz batera. "Oso pozik gaude hamabostaldira ekarri ahal izan ditugulako, izan ere, topean daude orain, musikaren goi mailan, NBAn" azaldu du Alfredo Sanz Bartolome Ertzilla kontserbatorioko zuzendariak. Hamabostaldia, Bartolome Ertzillak pianorako egindako obrak biltzen dituen emanaldiak itxiko du. Elena Orobiogoikoetxea durangarrak joko du pianoa kontzertu horretan. Hasiera batean emanaldi hori azaroan izan behar zen arren, abenduaren 22ra atzeratu da.