“Santurtziko proban nire marka pertsonala haustea lortu nuelako oso pozik nago ”

Maialen Zuazubiskar 2018ko aza. 2a, 17:00

Beteranoen mailara pasatzeak ez du Lidia Cañeteren garaipen gosea apaldu. Joan zen asteburuan, Santurtziko arku-tiro lehiaketan, Euskadiko marka berria ezarri zuen beteranoetan, eta 2006an Maddi Zunzunegik senior mailan jarritakoa berdindu zuen: 573 puntu batu zituen 18 metrora zegoen dianan.

Maila berrian estreinaldi bikaina egin duzu. Esperotakoa izan da?
Oso pozik nago domekan Santurtzin lortu nituen emaitzekin. Entrenamenduetan lan ona egiten ibili naiz, oso gustura sentitzen nintzen. Baina, egia esan, entrenamenduak eta txapelketak oso ezberdinak dira eta inoiz ez dakizu zer irtengo den.

Beteranoetan Euskadiko marka berria ezarri zenuen eta senior mailan ere zeure marka hautsi zenuen.
Oso pozik nago Santurtziko proban nire marka pertsonala haustea lortu nuelako. Orain arte nire marka 569 puntutan zegoen eta lau puntutan ontzea lortu nuen. Ikaragarria izan zen, lau puntu horiek hamar askoren emaitza dira eta, tiro askoren emaitza.

Gainera, Santurtzin emakumezko eta gizonezkoek batera lehiatzeko aukera izan zenuten.
Batera lehiatu ginen arren, sariak ez ziren bateratuak, eta horrek pena ematen dit. Nik beti mutilekin aritzeko borroka egiten dut eta nire helburua horixe izaten da. Azken finean, gure baldintzak berdinak dira, emakumezkoa edo gizonezkoa izan. Beraz, zergatik ez denok batera parte hartu eta sailkapen orokor bakarra izan?

Azaroan Zaldibarren izango duzue Euskal ligako proba, etxean. Ilusio berezia duzu?
Etxean parte hartzeak beti egiten du ilusio berezia, baina, egia esan, etxean tiraldi kaskarrak egiten ditut beti. Etxeko txapelketan nire lana ez da lehiatzea bakarrik. Aurretik beste hainbat gauza egin behar izaten ditut: txapelketa antolatu, zenbat parte-hartzaile egongo diren jakin...

Hala ere, aurten ilusio bereziagaz hartuko dut etxeko proba, gizonen eta emakumeen txapelketa parekatzea lortu dugu eta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!