Orain urte bira arte, Durangon Sapuherri taldea zegoen, baina laguntzarik ezak eta jokalari faltak bere desagerpena ekarri zuten. Lasa taldeko kidea zen, eta egun entrenatzen ari den taldeari berdina ez gertatzea espero du. "Harrobia lantzeko dago eta harrobia lantzeko apustua egiten badute, ez da galduko, bestela...", esan du.
Egun Donostiako KostKas boleibol taldean jokatzen du Lasa durangarrak, eta kirol hau kalera ateratzea dela gakoa uste du berak, jendeari erakustea. "Donostian ere ez du indar handirik, baina gure eskualdekoagaz alderatuta alde handia dago. Boleibola indartzeko, ezinbestekoa da kalera ateratzea", aitortu du.
Urtez urte, hobera
Entrenatzen dituen Kurutziaga Ikastolako taldeko neskei dagokienez, urterik urte hobetzen doazela aitortu du Lasak. "Ikaragarri hobetu dute eta garrantzitsuena da entrenamendu eta partiduetara pozik etortzen direla", jakitera eman du entrenatzaileak.
Denboraldia hasi besterik egin ez duten arren, aurten lan txukuna egitea eta zelaian disfrutatzea dutela helburu esan du.