MTVren Durangoko kontzertuan 1.000 lagun inguru batu dira

Aritz Maldonado / Markel Onaindia 2018ko urr. 31a, 09:26

5.500 lagunentzako aforoa aurreikusita zegoen Landako Gunean. MTVren jaialdiko artista entzutetsuenaren emanaldian, Mala Rodriguezenean, asistentzia 1.000 lagun bueltakoa zen, hasieran espero zen jendetzatik urrun. 

MTV Music Week Bizkaia ekimenaren barruan, Durangon ere jaialdia egon zen atzo iluntzean, Landako Gunean. Aneguria, Brisa Fenoy, Nathy Peluso eta Mala Rodriguez ikusteko aukera zegoen, eta jendetza espero zen. Antolatzaileek segurtasun neurri handiak hartu zituzten; Landako inguruko plaza zarratu egin zuten oinezkoentzat, eta ikusleei jaialdia hasi baino ordu bi lehenago joateko eskatu zieten iladak saihesteko, besteak beste. 

"Diru publikoagaz"
Hain zuzen, Aldundiak 3 milioi euro inbertitu ditu MTVren jaialdian. Durangoko Udalak ere, Landako Gunearen alokairua ordainduta egin du ekarpena. Atzo, ekitaldian izan ziren Unai Rementeria ahaldun nagusia eta Aitziber Irigoras alkatea. Baina, inbertsioa ez dute guztiek begi onez ikusi. Julian Rios (Herriaren Eskubidea) zinegotzia  kritiko agertu zen sare sozialetan. "MTVren kontzertuak Durangon eta kasik hutsik. 3 milioi euro. Edari alkoholikoen promozioa. Gero mozkorren turismoaz kexatuko gara. Hori guztia diru publikoagaz sustatuta". Gainera, VIP eremua eta polizien hedapen handia ere egon zirela ohartarazi zuen bere mezuan. 

Durangaldeko Ernai izan da azken egunetan jaialdia salatu duenetako beste bat, eta Landako Gunean kartelak ipini ditu. "Diru publikoaren xahutzea" dagoela kritikatzeaz aparte, MTVren ereduari aurkakotasuna agertu dio. "MTV sexismoaren eta inperialismoaren bultzatzaile sutsua eta ikur nagusietakoa da, kultura komertziala, globalizatua eta matxista sustatuz, eta eredu hau bereziki gazteon artean zabalduz".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!