Gaur inauguratuko da 'Margolan Itzuliak' erakusketa

Aritz Maldonado 2018ko urr. 26a, 16:54

Bilboko Arte Ederren museoko bildumako 37 grabatuk osatzen dute erakusketa. Durangoko Arte eta Historia Museoan egongo da ikusgai.  

FIG Bilbao Grabatuaren eta Paper gaineko Artearen Nazioarteko VII. jaialdiaren baitan, Bilboko Arte Ederren museoko 37 pieza Durangora ekarri dituzte. "Museo txikia gara, baina erakusketa handiak ekartzeko gai gara" azaldu du Garazi Arrizabalaga Durangoko Arte eta Historia museoko zuzendariak. FIG Bilbao jaialdiak martxan daramatzan zazpi urteetan sona handia lortu du nazioartean, grabatuaren kultura zabaltzen egiten duen lanagatik.

Miguel Zugaza BAEko zuzendariarentzako, erakusketa aukera ona da, baita ere, museoa herrialdean zehar zabaltzeko. 'Margolan Itzuliak' osatzen duten piezen aukeraketaz, Javier Novo BAEko bildumen saileko burua arduratu da. "Erronka bat izan da grabatuak modu honetan aurkeztea, aukeraketa hain zehatzaren arabera bildu ostean". Hain zuzen ere, erakusketa bi zatitan dago banatuta. Alde batetik, XIX. mende aurreko lanak daude. Bigarren eremuan XIX.mendearen amaieratik gaur egunera arte bitartean grabatuaren eta pinturaren arteko uztarketa bezala erabilitako erreprodukzio-grabatua da protagonista. Picasso, Bacon eta Tàpiesen litografiak ikusi ahal dira bertan. 

Azaroaren 7an, Javier Novogaz 'Ideiak erreproduzitzen. Erreprodukzio-grabatuaren historia laburra' bisita gidatua egiteko aukera egongo da. Urtarrilaren 13a arte egongo da ikusgai erakusketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!