“Lasterketa oso zoro eta bizkor baten ostean, postu bikaina lortu nuen”

Maialen Zuazubiskar 2018ko urr. 27a, 10:30

Joan zen asteburuan Coimbran (Portugal) jokatutako Maratoi Erdiko Munduko Txapelketan zilarrezko domina eskuratu zuen Asier Agirre durangarrak.

Taldeka munduko azpitxapeldun gelditu zarete asteburuan. Esperotako emaitza izan da?
Egia esan, taldeka lortu dugun emaitzak harritu egin nau. Orain arte txapelketa hauetara neu bakarrik joaten nintzen, eta aurten selekzioak lehenengoz izan du taldea Munduko Txapelketan. Emaitzagaz eta lortutako dominagaz oso pozik nago.

Gainera, lasterketan bosgarren izan zinen, hiru japoniar eta brasildar baten atzetik.
Lasterketa oso zoro eta bizkor baten ostean, postu bikaina lortu nuen. Lasterketako gakoa erregularra izatea izan zen. Nik, agian, odol hotz gehiago izan behar nuen. Hala ere, pozik nago atzetik aurrera egindako probagaz.

Azaro amaieran Europako Txapelketa izango duzu krosean. Ze asmo dituzu Italiarako?
Sasoi onean nago eta dominen borrokan ibiltzea dut helburu. Entrenamendu gogorrak egiten ari naiz, eta horrela jarraituz gero indartsu helduko naizelakoan nago.

2020an Olinpiar Jokoak izango dira. Hori da helburu nagusia?
Gustatuko litzaidake Olinpiar Jokoetan egotea. Hala ere, jartzen ditudan erronkak betetzea da nire helburua. Kirol honen politena, helburuak jarri, lortu eta norbere buruagaz harro sentitzea da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!