Durangoko Gau Krosak laugarren aldia egingo du zapatuan. Santa Ana pareko plazan izango du epizentroa. Hantxe hasi eta amaituko dira lasterketa guztiak eta giroa animatzeko askotariko ekimenak egongo dira. Proben amaieran hainbat sari zotz egingo dituzte: afariak, otzarak…
Nagusien lasterketa 20:00etan hasiko da. Bost kilometroko ibilbideak Alde Zaharretik eta Ezkurdi ingurutik eramango ditu parte hartzaileak. Bideko hainbat puntutan musika eta argitasun bereziak jarriko dituzte eta korrikalariak eurak ere eskumuturreko argitsuak jarrita ibiliko dira.
Hitzordu horren aurretik umeen lasterketak egingo dituzte adinka banatuta. Alde Zaharrean ibiliko dira. Santa Anan eszenatoki bat jarriko dute eta gaztetxoek animatzaileekin eta diskodantzarekin gozatu ahalko dute. “Iaz harrera ona izan zuen eta aurten errepikatzea erabaki dugu”, adierazi du Durangaldea Running taldeko kide Dabid Garciak.
Iaz nagusien eta umeen probak batuta, 500 bat lagun ibili ziren korrika Durangoko kaleetan. Oro har, gizonak beste emakume ibili ziren. “Iazko parte hartzaileen erdiak emakumeak izan izan. Ea aurten datu hori berdintzen edo gainditzen dugun”, esa ndu Garciak.
Izen-ematea www.kirolprobak.com webgunearen bidez egin daiteke ostiral gauerdira arte. Horrez gainera, bariku arratsalden Arkupe tabernan ere egin ahalko da.
ANBOTO, lasterketako argazkilari ofiziala
Iazko moduan, ANBOTO lasterketako argazkilari ofiziala izango da. Domeka goizean zehar probako argazki galeria ikusteko modua egongo da www.anboto.org webgunean —baita sare sozialetan ere— eta lasterketari gertuko jarraipena egingo dio.