Asier Agirrek zilarrezko domina lortu du Munduko Txapelketan

Maialen Zuazubiskar 2018ko urr. 24a, 13:15

Argazkia: BAT Basque Team

Asteburuan Coimbran (Portugal) jokatutako Maratoi Erdiko Munduko Txapelketan zilarrezko domina eskuratu du Asier Agirre durangarrak.

BAT Basque Teameko atletak Espainiako selekzioagaz parte hartu zuen, eta taldeka bigarren postua eskuratu zuten. "Munduko Txapelketan azpitxapeldun gelditzeak harritu egin ninduen. Lehenengoz aritu ginen talde moduan eta domina eskuratzea izugarria izan zen", aitortu du Agirrek.

Taldekako dominaz gain, sailkapen nagusian bosgarren postuan helmugatzea lortu zuen durangarrak. "Sasoi onean iritsi naiz Munduko Txapelketara eta Europako lehenengo korrikalaria izatea lortu dut, hiru japoniar eta brasildar baten atzetik", esan du.

Bestalde, dagoeneko azaro amaieran eta abendu hasieran jokatuko diren Europako kros luze eta laburreko txapelketetan zentratuta dagoela adierazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!