Markagailuari begiratuta, partidu erraza izan zela dirudi.
Ez pentsa. Loiu defentsa askogaz etorri zen eta gol denak azkenengo 20 minutuetan heldu ziren. Bata bestearen atzetik.
Zeurea izan zen markagailua estreinatu zuen gola?
Ez, nireak azken biak izan ziren. Lehenengoan, erdibidean zegoen baloia, eta atezainaren gainetik bota nuen. Bigarrena area txikian baloia bultzatuta lortu nuen. Minutu batean sartu nituen biak.
Sarritan golerako sena da gakoa.
Dudarik barik, eta niri horixe kostatu izan zait gehien. Hegaletara mugitzen naiz sarritan, baloia duenari alternatibak eskaintzeko eta espazioak zabaltzeko. Txikitan erdipunta nintzen. Nagusitan hasi naiz aurrelari jokatzen, eta arean tokia bilatzea kostatu izan zait batzuetan. Baina gol biak une egokian area barruan adi egotearen ondorio izan ziren.
Golak konfiantza ematen du?
Aurreko hiru partiduetan golik sartu barik nengoen eta golak lasaitasuna ematen du. Lehenengoa heltzen denean, konfiantza gehiago izaten duzu.
Aurrelari bat goletik bizi da.
Bai. Azkenean jendeak galdetzen dizuna horixe da: zenbat gol daramatzazu?
Hirugarren denboraldia daramazu Iurretakon. Gustura zabiltza?
Gustura ibiliko nintzen eta entrenatzailearen konfiantza izango nuen talde bat gura nuen eta horixe aurkitu dut Iurretakon. Hemen nabilenetik ia partidu guztiak jokatu ditut.
Iurretako Hirugarren Mailara igotzetik gertu geratu zen iaz. Aurten igoera duzue helburu?
Borroka horretan egon gura dugu. Ondo hasi gara eta horrek indarra ematen du. Ohorezko Maila kategoria zaila da, badakigu, baina taldea konfiantzagaz dago.