'DA! asko dira!' izango da 53.Durangoko Azokaren leloa

Anboto 2018ko urr. 23a, 11:56

Abenduaren 5etik 9ra ospatuko da aurtengo edizioa. Txakur Gorria kolektiboak egin du kartela. 

'DA! asko dira!' leloagaz euskal kulturaren aniztasuna islatu gura izan dute antolatzaileek. Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak nabarmendu duenez, Durangoko Azoka bakarra da, baina aldi berean Azoka asko dira: "DA! bizitzeko modu asko daude. Batek Azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ukitu, bakarren batek laztandu, agian usaindu, edo dastatu, askok irakurri eta beste hainbatek sentitu". 

"DA! errituala"

Leloaz gainera, 53.Durangoko Azokako kartela ere iragarri da gaur. Aurtengo kartelaren egilea Txakur Gorria sormen kolektiboa izan da. Kartela Landako guneko eraikinean oinarrituta dago, eta bertako mugimenduak irudikatzen ditu. "DA!-ri erritual izaera aitortzen badiogu, interesgarria da bertan antzezten dugun performanceari erreparatzea" azaldu du Mariñe Arbeo kolektiboko kideak. Arbeogaz batera, Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek eta Malen Amenabarrek osatzen dute Txakur Gorria. Hiru urte daramatzate elkarrekin, eta lehenbiziko urtetik stand-a jarri izan dute Durangoko Azokan. "Oso pozik jaso genuen Durangoko Azokaren eskaera, ilusio handia egin zigun". 

Azkeneko urteetan ibilbide luzeko sortzaileengana jo ostean, aurtengoan gazteangoengana jo dute. "Benetako ohorea izan da besteak beste Nestor Basterretxea edota Miriam Ocarizen arte plastikoekin osatzea Durangoko Azoka, baina kulturgune hau etengabe berritzen ari da eta aurtengo irudia sortzeko sortzaile berriengana jo nahi izan dugu" azpimarratu du Mujikak.

Kartelaren irudia, Txakur Gorriako kideek idatziriko testu batek osatzen du. Jarraian, kartela eta testua ikusi daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!