“Itzartuk beste aisialdi mota bat sustatzeko aukera ematen du, euskaraz”

Aitziber Basauri 2018ko urr. 22a, 10:00

Lau urte beteko dira otsailean Itzartu gazte taldea sortu zela. 10 urtetik gorako nerabeei zuzenduta, balio hezitzaileetan oinarritutako aisialdia eskaintzea izan dute helburu. Andrea Bilbao eta Gaizka Loizate Itzartuko hezitzaileak dira, eta proiektuan parte hartzera animatu gura dituzte gaztetxoak zein hezitzaile izan gura dutenak. Berbaro elkartera joatea baino ez da behar. Denak izango dira ongietorriak.

Datozen egunetan hasiko du Itzartuk aurtengo aisialdi proposamena. Zein izango da eskaintza hori?
Andrea Bilbao: Hiruhileko egitarauak landuko ditugu aurten, eta aurretik iragarriko ditugu prestatutako ekitaldiak. Horrela, familiek eta gaztetxoek euren denbora aldez aurretik kudeatzeko aukera izango dute.
Gaizka Loizate: Lehenengo hiruhileko honetarako, gaupasa bat eta aterpetxe batera irteera prestatu ditugu, besteak beste. 10-14 urte arteko neska-mutilei zuzendutako eskaintza da eta ekintzarik gehienak doakoak dira; bountario lana da gurea.

Zer landu gura duzue gazteekin?
A.B.: Aisialdi taldea garen aldetik, haien artean hezkidetza landu gura dugu, euskaraz. Horrez gainera, ikastetxeen arteko aurreiritziak baztertu eta talde hetereogeneoa lortzea gura dugu, aisialdian denen artean harremantzeko aukera izatea; azken finean, denek dute jakin-min eta bizipoz berdina.  Urteotan,  arlo horretan, aurrerapauso handiak eman ditugu.

Berrikuntzak  ere izan dira...
G.L.: Urteko egitaraua hiruhileka zatitzeaz gainera, logoa ere aldatu dugu. Aurten, hezitzaile berri asko sartu dira eta belaunaldi berriagaz bat datorren irudia sortu dugu.

Sare sozialetan ere indartu gura du bere presentzia Itzartuk?
A. B.: Bai. Gaztetxoak sare sozialetan murgilduta daude eta gure ekintzen berri emateko tresna oso baliagarriak dira sareok. Euren egunerokoan sartzeko errazenak ere bai. Pinak eta txapak ateratzea ere pentsatu dugu.
G.L.: Hori dugu erronkarik zailena. Sare sozialetan sartuta, gainean egon behar delako egunero. Dena den, ikastetxeetan kartelak jarriko ditugu horren berri emateko.

Durangon beharrezkoa da Itzartu?
G.L.: Bai. Eskolatik kanpo, kirol  elkarteetatik kanpo, ez daukate beste gaztetxo batzuekin harremantzeko aukerarik. Itzartuk beste aisialdi mota bat sustatzeko aukera ematen du, euskaraz.
A.B.: Aisialdiari dagokionez, 10-14 urteko adin tartean gabezia dago eta modu oso pasiboan jolasten dira. Arratsaldea Ezkurdin ematen dute askok, sarritan mugikorrekin. Euskara eta hezkidetza sustatzeko beharra dagoela uste dugu.

Erreferente bihurtu da Itzartu?
A.B.: Adin tarte horretan, bai. Harreman informala, lagunartekoa lortu dugu eta zer egingo dugun galdezka etortzen dira. Gaztetxoek parte hartzen dute eta interesa dute. Gauza politak lortu ditugu.
A.B.: Ekintzaren araberakoa ere bada parte-hartzea, baina beti dago talde indartsu bat ekintzak aurrera eramateko.

Itzartun parte hartzera animatu gura duzue. Ze ekarpen egin dizue zuei?
G.L.: Norberaren egunerokotik irteteko aukera ematen du, eta gure arteko harremana oso ona da.
A.B.: Hala da, bai. Bestalde, atzera begiratuta, lortutako aurrepausoak ikusita, halako harrotasun bat ere sortzen du. Beti sinistu dugu proiektu honetan, baina ez genekien zein arrakasta izango zuen. Umeak benetan gustura daudela ikustea, disfrutatzen dutela ikustea poztekoa da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!