Pilar Rios alkateorde eta Berdintasun zinegotziak dioenez, sektore askotako emakumeak ikusi ahalko dira erakusketan: nekazariak, irakasleak, artisauak, garbitzaileak... 20 bat argazki egongo dira ikusgai. Ondare Jardunaldiak emakumeen lana aitortzeko helburuz antolatu dira aurten Bizkaia osoan. "Emakumeei errekonozimendua egitea beharrezkoa zen", dio Riosek. Aitziber Irigoras alkateak ere "aurtengo gaiari balio berezia" eman behar zaiola nabarmendu du. Andragunean, Karmele Zarraga ikerlariak ere berbaldi bat emango du 25ean, 19:00etan.
Andraguneko erakusketaz aparte, Arte eta Historia Museoan Ander Berrojalbizegaz saio bi egongo dira, biak 19:00etan: 24an erritu paganoak eta hilen kulturaz ariko dira, eta 31n Herejeen alaba liburuaz berba egingo du durangarrak. Bestalde, Kurutzesantun lanbideen inguruko jardunaldi didaktikoak eskainiko dituzte hilaren 20an, 21ean, 27an eta 28an. Otzaragintzaz eta ehungintzaz irakaspenak emango dituzte Olga Uribek eta Bea Unzuetak.