“Surflariak olatuak noiz sortuko egoten dira eta gure kasuan kontrakoa zen: itsaso lasaiaren zain egoten ginen"

Joseba Derteano 2018ko urr. 21a, 10:30

Aitor Iturriaga (1971) durangarrak eta Jon Ibarrola barakaldarrak  Kantauri itsasoa igerian zeharkatu dute: 700 kilometro eta 80 etapatik gora. Hiru urte iraun duen abentura da.

Baionan itsasoratzen den Adur ibaiaren ahotik Galiziako Ortegal lurmuturrenaino. Besakadaz besakada, puntu biak igerian lotu dituzte. Behin erronka amaituta, poza eta gehiagoren gosea. Abentura gehiago dituzte buruan.

Zelan murgildu zineten abentura honetan?
Ordubete inguruko zeharkaldiko probetan parte hartzen genuen, baina zeozer luzeagoa gura genuen eta geure kabuz erronkak egiten hasi ginen. Egin dugun abentura honek fase bi izan ditu. 2015 eta 2016an Euskal Herriko kosta osoa egin genuen, Onton-en —Kantabria, Bizkaiagaz mugan— hasi eta Baionako Adur ibaia itsasoratzen den tokiraino. 21 etapatan, 200 bat kilometro. Orduan hiru lagun ginen, Bittor Zabala durangarra ere gugaz zebilen eta. Hori amaitu ostean, Kantauri itsaso osoa egitera animatu ginen. Beste 500  bat kilometro, 62 etapa ingurutan. Bigarren fase hori Jonek eta biok egin dugu. Bittorrek ezin zuen, lan kontuengatik.

Logistikoki konplikatua izan da?
Bai. Etapak egiten joan ahala, gero eta urrunago joan behar genuen eta kotxeagaz kilometro asko egitea eskatzen zuen. Esaterako, azken etapa etxetik 600 kilometrora zegoen. Beraz, ezin ginen egun berean joan eta itzuli.

Itsasoan nork lagundu dizue?
Piragua zaleak diren hainbat lagunek lagundu digute. Bakarrik ere ibili izan gara, buia berezi batzuetan gure telefonoak, giltzak eta abar sartu, gerrira lotu eta aurrera. Baina hori oso arriskutsua da, edozer gertatuta ere bakarrik zaudelako. Itsasoaren egoera oso aldakorra da.

Zenbat kilometroko etapak izan dira?
13 kilometroko batez bestekoa izan dugu. Hiru-lau orduko jarduna da, nahiko dominatuta dugun distantzia. Etaparik luzeenak 16 bat kilometro izango zituen.

Itsasoak agintzen zuen noiz igerian aritu eta noiz ez?
Gure arazorik handiena horixe zen. Azkenengo etapak astean zehar egin ditugu, egun aproposa egiten zuenetan. Sarritan metro biko olatuak zeuden eta horrela ezin zen igeri egin. Surflariak olatuak noiz sortuko zain egoten dira, baina gure kasuan kontrakoa zen: itsaso lasaiaren zain egoten ginen.  

Itsasoan beldurrik pasatu duzuen unerik egon da?
Bai, jakina. Bi-hiru etapatan gaua egin zitzaigun. Behin, arratsaldez joan ginen Sokoatik Getariarako etapa egiten. Erraz egingo genuela pentsatzen genuen, baina korrontea kontra harrapatu genuen eta gaua egin zitzaigun. Ez ginen kapaz tokiak bereizteko. Surflari batzuk aurkitu genituen eta haiek esan ziguten non zegoen barrurantza joateko korrontea. Beste behin, Zumaiatik Oriora, galerna bat zegoen aurreikusita arratsalderako, eta konbentzituta geunden horren aurretik amaituko genuela etapa. Baina, ez, galernak bete-betean harrapatu gintuen. Piraguistak gerora kontatu zigunez, piragua birritan irauli zitzaion. Gu konturatu ere ez ginen egin. Nahikoa geneukan amaierara heltzen.  

Gauza kuriosoak ere gertatuko zitzaizkizuen.
Horrelakoak ere bai. Behin, igerian hasi, eta etapa luzea zenez burua altxatu barik jarraitu genuen, jo eta su ordubetean. Burua jaso genuenean, alde batera eta bestera begiratu eta ez zegoen piraguistaren arrastorik. Zeozer larria gertatu zitzaiolakoan buelta erdi eman genuen. Beste ordubete igerian. Hondartzara heldu ginenean, hareatan eserita aurkitu genuen. Bidean galdu egin gintuela eta bueltatzea pentsatu zuela esan zigun. Ordu bian igerian alferrik ibili ostean, berriro ekin genion etapari.

Zein izan zen momenturik politena?
Une politak ia denak izan dira. Tokian tokiko jendeak eskaini digun laguntza ikaragarria izan da. Arratsalde batean ezagutu genituen batzuek sei egunetan lagundu ziguten itsasoan. Beste piraguazale batzuek sare sozialen bidez ezagutu gintuzten. Gu laguntzera tematu ziren eta azkeneko dozena bat etapetan lagundu ziguten. Eskertzekoa da.

Amaitu zenutenean, itsaski-jan bategaz ospatu zenuten?
Zentzu batean zapore gazi-gozoa geratu zitzaigun. Alde batetik, poz handia, eta, bestetik, hustasun moduko bat. Azken urte bietan itsasoari begira egon garelako etengabe. Amaitu genuenean, elkar besarkatu eta elkarri esan genion: “Eta orain zer?”.

Bada, zeuk esango duzu. Orain zer?
Baditugu beste erronka batzuk buruan, pertsonalak zein taldeka [Bisigu taldea deitzen dira] egitekoak. Komentatu izan dugu Formentera irlari itzulia ematea… Zeozer irtengo da. Edozelan ere, argi dugu erronka laburragoak eta denbora gutxiago eskatzen dutenak izango direla.

Besterik gehitzeko?
Nire emazte Inesi eta seme Ikerri eman didaten laguntza eskertu gura diet. Nik erronka hau egin izanaren merituaren zati handi bat eurena ere bada.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!