Durangoko jaiak

Patxikotxuri eta Pantxikeri agur esango diete asteburuan Durangon

Markel Onaindia 2018ko urr. 19a, 12:46

Patxikotxuri eta Pantxikeri agur esateko ordua helduko zaie asteburuan durangarrei. Urriaren 11tik jaietan murgilduta egon eta gero, azken hiru egunak dituzte aurretik.

Indartsuena biharkoa izango da, Mozorro Eguna. 13:00etan haurren mozorro desfilea egingo dute Andra Marian, eta 18:30ean, taldekakoa, Madalenatik hasita. Gainera, Txosna batzordeak tribu urbanoak gaia proposatu du biharko. Herriko kaleak kolorez eta jai giroz beteko dira.

Bestalde, jaietako lehenengo asteburuaren balantze positiboa egin du udalak. Ekitaldietan egondako partaidetza handia nabarmendu du, eta "ez dela gertaera aipagarririk jazo". Eraso sexisten salaketarik ez da publiko egin, momentuz, ANBOTOko erredakzioa zarratu denean.

Txupinazoak, artopilen banatzea, lehiaketa gastronomikoak, Zezenak Dira eta musika emanaldiak aipatu ditu udalak partaidetza handiaren erakusle. Txosnagunean ere, ehunka lagun batu ziren Gazte Egunean eta paella txapelketan. Orokorrean eguraldi onak lagundu arren, domekako euriaren eraginez Bizikleta Festa eta zezen plazako ekintza bat bertan behera geratu ziren. Txu-txu trena ere ez zen atera matxura tekniko baten ondorioz, eta bihar eskainiko dute zerbitzua, leku eta ordu berean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!