Antso Estegizeko parkea hobetzeko lanak amaitu ditu udalak. Urbanizazio lanen baitan, besteak beste, irisgarritasuna hobetu asmoz sarbideak hobetu eta aldapak ipini dituzte, eta argitasuna lortzeko LED teknologiadun 13 farola ere ezarri dituzte. Aitziber Irigoras alkateak azaldu du "aurrerapen garrantzitsua" eman dela lanekin, eta zonalde berde bat irabazi dela auzoarentzat zein herriarentzat.
Irigorasen esanetan, auzotarren aspaldiko eskakizunetako bat izan da parkea eraberritzea. Pilar Rios alkateordeak nabarmendu du parkea emakumeek identifikatutako puntu beltza zela, eta hori aldatu nahi izan dutela. Gainera, "auzoak udalarentzat lehentasuna" direla erakusten du obrak, Riosen ustez. 155.000 euro inbertitu dituzte obra garatzeko, eta baja batetik hartutako beste 18.000 ere erabiliko dituzte.
Bestalde, auzune osoan aldaketa urbanistikoak egitea aurreikusi du udalak, eta horren proiektua urtea amaitu aurretik idaztea gura dute.