Kontzertuen gunean askotariko eskaintza egongo da. Alde batetik, ibilbide luzeko hainbat talderen kontzertuak eskainiko dira. Besteak beste, Gatibu, Leihotikan, Hesian taldeek kontzertua eskainiko dute. Proiektu berriak aurkezteko erakusleihoa ere izango da Ahotsenea. Bertan egongo dira, Hezurbeltzak (Jon Maia eta Gorka Hermosa), Era Batera (Gatibuko Gaizka Salazar eta Mikel Caballero, Ken Zazpiko Beñat Serna eta Willis Drummondeko Jurgi Ekiza) edota Xabi Bandini (Kerobia), adibidez. Inun, Josu Bergara edota Eneritz Furyak bezalako bakarlek ere eskainiko dituzte zuzenekoak.
Solasaldien gunean idazle ugari batuko dira Durangoko Azokak iraurten duen bost egunetan zehar. Euskal literaturaren erreferenteak gertutik ezagutzeko aukera egongo da, eta horietako askok, beraien nobedadeak aurkezteko baliatuko dute aukera. Horrela, Alain Agirrek 'Kamisoi Zuri Zetazkoa', Harkaiz Canok 'Fakirraren Ahotsa', edo Gotzon Barandiaranek 'Hitzen Ahairea' aurkeztuko dituzte, besteak beste.
Elkarteen aurkezpenak
Euskal Herriko hainbat elkartek ere beraien aurkezpenak egingo dituzte. Bertatik igaroko dira, besteak beste, EHAZE, Gasteizko gaztetxea eta Emagin elkartea. Komikigintzak eta bertsolaritzak ere euren tartea izango dute solasaldien gunean.
Egitarau osoa ikusteko: http://ahotsenea.durangokoazoka.eus/eu/egitaraua-ahotsenea