"Atezainak ez zuen oso ondo atera; baloia kontrolatu eta saiatzea erabaki nuen"

Joseba Derteano 2018ko urr. 14a, 10:30

Markel Aperribay (1990) aurrelariak bere ibilbideko golik onenetakoa sartu zuen joan zen asteburuan. Bere habitat naturala den areatik urrun, zelai erdian baloia kontrolatu, atezaina aurreratuta ikusi eta bertatik sare barrura bidali zuen. Hiru partidutan bigarren gola du. Abadiño futbol taldeak orain arte jokatutako hiru partiduak irabazi ditu eta lider dago Lehenengo Erregionalean.

Kontaguzu: zelan sartu zenuen gol eder hori?
Bigarren zatia zen eta gure bigarren gola izan zen. Alboko sake bat atera genuen. Ni area ertzean nengoen. Erdiratu eta atezainak hartu zuen baloia. Korrika atzerantz abiatu nintzen, kontraeraso posiblea defendatzeko. Atezainak ez zuen oso ondo atera eta balioa zelai erdian geratu zen, ezkerreko aldean. Baloia kontrolatu, atezaina aurreratuta ikusi eta saiatzea erabaki nuen.

Zure ibilbideko golik onena izan daiteke?
Tankera horretako bakarra bai behintzat. Politena? Ez ditut denak gogoratzen, baina politenetakoa, seguru.

Partidua 3-1 irabazi zenuten, aurkari gogor baten kontra. Mungia ordura arteko partidu biak irabazita zegoen, zuen moduan. Zelan joan zen Astolan jokatutako partidua?
Partidu hasieran, hamabosgarren minutu inguruan aurreratu ginen, alboko sake bati esker. Ondoren, eurek ez zuten arrisku aukerarik sortu. Uste dut geure meritua izan zela, ondo defendatu genuelako.

Zu aurten batu zara Abadiñora. Gustura zabiltza?
Oso pozik nago. Gorka Moreno entrenatzaileagaz zein taldeko jokalariekin harreman ona daukat, eta pozik nabil. Iaz Erandion egon nintzen zati batean eta, gero, otsailetik udara, Bartzelonan egon nintzen bizitzen, hona bueltatu aurretik.Abadiñon lagunak ditut jokatzen, eta, aurrerantzean, futbola horixe izatea gura dut neuretzat: lagunekin egoteko eta gozatzeko kirola.

Zelakoa da taldea? Jende berri asko dago aurten?
Iazko jende askok jarraitzen du. Baja garrantzitsu batzuk egon dira, baina alta batzuk ere bai. Taldea ondo ikusten dut, sasoiko. Denboraldia ondo hasi dugu eta hasiera onak garrantzitsuak izaten dira. Ea denboraldi amaieran goian ibiltzeko modurik daukagun. Gogor egingo dugu lan hala izan dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!